Lanketa hauek ordea, tokian tokiko beharrei erantzuteko abiatu direnez gero, forma, dimentsioa eta estrategia ezberdinak darabiltzate. Eta beraz, ez dira, bere horretan erreplikagarriak. Izan ere, baliatu nahi diren lekutara egokitzapen maila minimo bat behar dute, etorkizunean iraun eta eraginkortasunez errotzeko.
Garai bertsu horretan, herritar talde bat, Aginagako errealitatearen inguruan sakonago hausnartzeko batzen hasi ginen. Eta informalki bada ere, bileraz bilera, Aginaga beste maila batean biziberritzen hasteko helburua genuela adostu genuen elkarrekin batera. Bost bat lagunez osatutako taldea, Eliza Zaharrean lehenik. Tabernan gero, gainerako guraso, haur eta helduen artean katramilatuak, baina gure jardunean. Eta gaur gaurkoz, hasi gara lehen hazi honen fruituak antzematen.
Bidelagun on eta finak topatu ditugu pausuak ematen hasi ahala. Gipuzkoako Foru Aldunditik prozesu parte-hartzaileei zuzendutako diru-laguntzak ere eskuratu ditugu, eta martxa hartua dugu iaztik.
Lehenik eta behin, Aztikerrekin batu ginen herriko errealitate ezberdinak ezagutu eta hauen inguruko ondorioak identifikatzeko asmotan. Eta Ekhiri esker, inurri txikien antzera hasi ginen etxez etxe orriak banatu eta behar zuten horiei betetzen laguntzen, mugikor bidez estekak banatu eta emaitzak jasotzen... arik eta 136 pertsonen erantzunak jaso genituen arte. Eta parte hartu zuten guztiei esker, ariketa ederra izan zen guztion begietatik ikusi eta bizi dugun herriari aurrez aurre begiratzea. Mila esker guztioi, bide batez!
Aldi berean, Olatukoopeko kideak ere ezagutu genituen, eta haiei esker hasi gara pixkanaka egunerokotasuneko arazo eta gabeziak, erronka eta gure baliabide propioen bitartez asetzeko aukera moduan identifikatzen.
Horretarako, abenduan, inkestaren emaitzak elkarbanatu eta gure antzerako egoera bizi izan duten Bakaikuarren esperientzia ezagutzeko aukera eduki genuen, aurkezpen saiora bertaratu ginen 34 lagunek. Zalantzak eta inkestaren inguruko balorazioa egiteko tartea eduki genuen, eta Gorka Julio eta Leire Udaberen eskutik, hurrengo 2 formakuntza saioetarako proposamena ere bota genuen.
Orduz geroztik, 2 saio egin ditugu. Lehenengoan, kooperatibagintzaren oinarrizko kontzeptuak eta ibilbideak izan genituen hizpide, tresna juridiko hauen berezitasunekiko hurbilpen bat ere egin genuen. Baina maila teorikoaz harago, aurrera begira irudikatzen genituen proiektuen bateratze eta leheneste bat egiten saiatu ginen. Eta oro har, denda baten eta etxebizitzen beharra, telekomunikazioak, energia, taberna eta jangelaren kudeaketa, turismoa... bezalako gaiak irten ziren.
Azken saioa, duela gutxi izan genuen, otsailaren 2an. Eta bertan, irudikatu genituen proiektu posible horiek, egingarriak eta modu ezberdinetan aseak izan daitezkeela. Bai eta gure etorkizuneko Herri Kooperatibak, hainbat geruza eta parte-hartze mota ezberdinen izan ditzakeela ere. Horrez gain, 16 bat pertsonez osatutako taldean, 2-3 urteko bidea begiz jota, Herri Kooperatiba hau non ikusten genuen ere irudikatzen hasi gienen. Puntu horretara heltzeko bide eta urratsak zehazten hasterekin batera.
Beraz, ustekabean, urte hasierari gogor heldu diogu. Eta bidea sigi-sagatsua izanagatik, aurrera goaz elkarrekin!