Oroitzen dut handik denbora batera, ostera ere gurekin partekatu zutela garai hartan idatzitakoa eta kosta egin zitzaidala idatzi nuenarekin identifikatzea. Oker ez banago, Zarautzen bizi nahi nuela esan nuen (ez dakit zer narabilen buruan, benetan). Hori bai, itsaslabar batean edo herrigunetik bereizi samar kokatzen nuen lekua bera, kosta eta mendiaren topagunean. Kresala eta berdearen elkargunean. Beraz tira, naturarekin kontaktua mantentzeko gogoa onartu nuen behintzat. Bestetik, irakaslea izan nahi omen nuen. Eta ez dakit zein momentutan lausotu zitzaidan ideia hori, baina ez dut aspaldian buruan izan, ez eta haren falta sumatu ere, hartutako bidea hartu izanagatik.
Kontua da, hau oroitzean, nire buruari kontrako ariketa proposatu diodala: noizbait pentsatu ote dut egun nagoen tokira helduko nintzenik? Eta ez daukat erantzun ziurrik, bizitzak ibilbide sigi-sagatsuak hartzen baititu maiz. Eta burua altxa beharra dago honetaz jabetzeko.
ALAZNE ARRUTI
“Aurrera begira, jaso dudan besteko tratua eskaini nahiko nieke maite ditudanei”
Eta zuek, zer diozue? Eta bide batez, non ikusten zarete hemendik denbora batera? Pentsatu ohi duzue zahartzaroaz? Norekin bizi nahiko zenukete? Bakarrik bizitzeko prest zeundekete? Edo derrigorrean, elkarbizitza eta egunerokotasuna norbait(zu)ekin partekatu nahiko zenukete? Etxeren bat jabetza izateko nahia edo gaitasuna duzuelakoan zaudete? Alokairuan bizitzeko prest zinatekete? Edota zaharren egoitzaren batean?
Ba nik ere, galdera baina zalantza gehiago ditudala aitortu beharra dut. Une honetan, ustezko heldu izatearen nekeza eta gaztaroaren gozoan dantzan sentitzen bainaiz. Nire zaintzaz gain, inguruan dauzkadanak zaintzeko ahaleginak egiten nabil eta aurrera begira, jaso dudan besteko tratua eskaini nahiko nieke maite ditudanei. Baina batzuetan, egoerak ez dira nahi bezain arrunt edo errazak. Eta une horietan, eskuragarri ditugun aukera guztiak aztertu beharrean gaude.
Askotan entzun izan diet gurasoei, erdi bromatan baina serioski ziurrenik, ez luketela egoitzaren batean sartzerik nahi. Tarteka, autorik gabe geldituz gero, euren beharrak asetzeko zenbateko menpekotasuna izango luketen ere pentsatu eta aipatu ohi dute. Baina hala ere, baserrian gustura bizi direla eta ea “non hemen baino hobeto” diote.
Jakina da ordea, askotan beharrak gain egiten duela eta ez dakit gutako askok ez ote dugun zahartzaroaz, begirada mugatuegi bat. Garai bateko esperientziak soinean daramatzagunez, aurrea hartu gaituztenek baino hobetoxeago apaltzen joateko esperantzari heldu nahian, ote gabiltzan. Eta aukera berrietara begirada jartzeaz ahaztuak ez ote gauden.
Eta benetan pozten du, herri bat zaintzaren arloa erdigunera ekartzeko saiakeran ikusteak. Errealitate ezberdinak partekatu eta luzaroan bizitza autonomoagoak eraikitzen jarraitzeko proiektuak elikatzen jarduteak. Baina erronka, haratago doalakoan nago.
Izan ere, gu guztion iruditeria aldatu beharrean gaude. Familiako etxe handiak, osotasunean erabilera askorik gabekoak partekatzeko, transmititu diren traba eta mamuak identifikatu eta gainditzeko unean. Herrien erdigunetatik kanpoko bizipenei ere leku bat egiteko aukeran. Zaintzak osotasunean eta zentzu zabalenean, gure txoko guztietako bizien erdigunean ezartzeko garaian bertan.