Premiaz, arrakasta materialetik haratago pentsatu eta benetan garrantzitsuak diren gauzak balioan jartzeko desafioaren aurrean gaudelakoan nago: harremanak zaintzekoa, garapen pertsonalaz gain, inguruan eragin positiboa sortzeko moduak bilatzekoa, besteak beste. Bakarka zein gizartean, gure bizitzak erdigunean jarri eta ongizatea bilatzeko ahalegina, baliotsua iruditzen zait oso. Eta horretarako ezinbestekoak dira, erresilientzia eta osasun emozionala.
Iaz joan nintzen lehen aldiz terapeuta batengana, nahiz eta aspaldidanik nuen joaten hasteko gogoa. Baina ez dut urratsik eman nire zirrarak gainezka egiten sumatu ditudan arte. Nire barruan, orain arte sentitu ez zituen min eta pisuak sumatzen hasi naizen arte. Edalontzia, tantaz tanta, guztiz bete den arte. Bizitzan, agian aspalditik kokatua zegoen harri puska handi bat, erdiz erdi topatu dudan arte.
ALAZNE ARRUTI
“Premiaz, arrakasta materialetik haratago pentsatu eta benetan garrantzitsuak diren gauzak balioan jartzeko desafioaren aurrean gaudelakoan nago”
Bitxia da, ezagutzen ez duzun pertsona baten aurrean jarri, eta beragandik zer behar duzun definitzea. Baina, beste eremu batzuetan, ezkutuan eta giltzapean jasotzen ditugunak, erraz topatu dezakete kanporanzko bidea halako egoeretan. Hala ere, ez du zertan erraza zein atsegina izan.
Nire kasuan, egoera honen aurrean urratsak ematen hasteko lagungarria izan zaidan arren, gauzak lasaiago hartu eta nire buruari denbora bat ematea erabaki dut. Sentimendu eta sentsazioak pausatzen uzteko beharra sentitu baitut saio oso intentsu batzuen ostean. Baina ez dut porrota baten gisan bizi izan inola. Zaintza moduan baizik.
Hala ere, beste bide batetik heldu zaidan aukerari esker, beste modu bateko ongizatearen inguruko lanketa bati ekin diot ia nahigabean. Beste gisa batekoa diot, zeren, espazio kolektibo eta seguru bat topatu dut bide honetan sakontzen hasteko. Eta ez nuen sekula gai hau taldean lantzeko asmoa izango nuenik pentsatuko, egiaz. Baina aizue, oraintxe, egoera eta momentu honek, horixe eskatzen didanez, heldu beharko.
Eta hasi dugu bidea umoretik, sinpletasunetik, norbere esperientzietatik eta epairik gabe. Ostera ere, nire burua berrezagutzeari ekiteko tarte bat eraikitzen hasi naiz. Eta galdera ustez erraz batzuekin hasi dut ibilbide berri hau: Nola sentitzen naiz oraintxe? Zertarako eseri naiz ezagutzen ez ditudan eta oso anitzak diren pertsonez osatutako zirkulu batean? Zein unetan urrundu ote naiz hainbeste nigandik? Nola higatu zait barrea eta zoriona? Nola ez dut sumatu nire falta lehenago? Nola ez digute irakasten arnasketen garrantziaz txikitatik? Zergatik hainbesteko minak, lepo eta bizkarrean? Zer behar dut? Erantzunik gabeko zerrenda amaiezin honekin jarraitu nezake bihar arte.
Eta lerro hauek idazten ari naizen bitartean, Physis Versus Nomosen Zenbaterainoko drama kantua entzuten ari naiz. Honela diolarik: Lasai bizitzeko traba. / Bihar hobe baten zama. / Aske asetu beharra. / Gerotuko denaren hondarra. // Hegan egin dezagun / izan bitez salbu. / Oinak lurrean direla / pentsatu dezagun / behin biziko garela, / bideari kasu. / Dena ikasterikan bagenu...
Eta automatikoki pentsatu dut, neurri handi batean pozgarria egiten zaidala hogeita hamar urte betetzeko oraindik tarte bat falta zaion gorputz, bihotz eta garun honek, oraindik ikasteko hainbeste duela konturatzea.