Baina zer dira ba 61 egun, 500 egunekin konparatuta? Izan ere, hau gutxi balitz, 2021ean Beatriz Flamini alpinista, eskalatzailea eta espeleologoa, Granadako kobazulo batean sartu zen, 70 metro lur azpira, iluntasunean eta inkomunikaturik, eta ez da irten 2023ko apirilerarte. 500 egun, kobazulo batean, bakartasunean. Urte eta erdi inguru, ur-tantak, estalaktita eta estalagmitak nola eratzen dituzten aditzen. Zure arnasa eta eulien hara eta honakoak aditzen. Gau eternal bat, kanpoarekin elkarrekintzarik gabe. Norbera, norbere buruarekin hizketan. Iragan eta etorkizunaren arteko hutsune bat.
500 egun zehatz atzera begira jartzeko ariketa egin dut eta Google-ko bilatzaileari esker, 2021eko abenduan kokatu naiz. Mugikorra hartu eta argazkien artean saltoka hasi naiz, nire bizitzaren une txikiak bata bestearen atzetik errenkan pasaraziz. Batek daki heriotzaren atarian halako zerbait gertatuko ote den. Eta ttak, halako batean, heldu naiz abiapuntura. Unibertsitateko lagun batzuekin egindako bidaiatik itzuli berri nintzen. Varsoviako hotzetan hasi eta trenez Berlin elurtura bidaiatu genuen. Ondoren, Alemania ipar mendebaldeko Bremeneko herrira heldu ginen, eta azkenik, Amsterdam eta bere etxe oker eta kanaletara. A ze abenturak...
Baina tira, bueltatu ginen eta jada agurtu dudan etxe batera itzuli nintzen. Kana batzuk gutxixeago nituen buruan eta Gabonak ospatzeko prest nuen gorputza. Eta ordutik hona, zer ez da gertatu? Aste bete inguruko bidai hartako bizipenek, zenbateko espazioa hartuko lukete kobazulo hartan Beatrizentzat?
ALAZNE ARRUTI
"Aurrekoan, zaintzaren esparrutik definitutako 'txanpiñoi-langile' kontzeptuaren berri izan nuen. Hala deitzen diote, langileak ulertzeko gaur egungo moduari, zeinak, soilik ekoizpen-prozesuan sartzen den neurrian axola duen"
Eta ni, nola biziko nintzateke benetan goseak nagoenean janaz? Egarria sentitzean edanaz? Azken orduko lan entrega presatirik gabe. Nire barruak ezarritako denboraren tamainaz? Akaso gehiago entzungo nituzke nire nahiak. Buruko min eta tentsiorik sumatuko ote nuke bizkar eta lepoaldean? Zenbat orduko loaldiak egingo nituzke? Siestak berreskuratuko nituzke? Kirola egiteko gogoa sentituko nuke ostera? Meditatzerako tarte bat hartuz gero, burua aske utziko nuke? Zenbat denbora eskainiko nioke armairuetan hautsa hartzen pilatzen zaizkidan liburuak irakurtzeari? Lasaiago biziko nintzateke? Edo, gai ote nintzateke kobazulo hartan lehenetsitako gauzak, hemen kanpoan ere lehenesteko?
Erantzun zehatzik ez dudan arren, geroz eta errespetu gehiago ematen dit gai honek. Izan ere aurrekoan, zaintzaren esparrutik definitutako “txanpiñoi-langile” kontzeptuaren berri izan nuen. Hala deitzen diote, langileak ulertzeko gaur egungo moduari, zeinak, soilik ekoizpen-prozesuan sartzen den neurrian axola duen. Enpresara iritsi aurretik non zegoen eta irtetean, nora joaten den ez omen du axola. Bere soldatarekin dena ebazten duela suposatzen da, ez baitu merkataritza kontsumoarekin estaltzen duen hutsuneaz gain, ezer gehiago. Ez du besteenganako erantzukizunik, lana oztopatzen edo baldintzatzen duen zerbait bada. Baina txanpinoi-langile hori ordea, ez da halakoa: norbait arduratu da bere haurtzaroaz. Gaixotu izan denean ere zaindua izan da eta zahartzen denean ere hala egingo du. Nola edo hala eguneroko bere garapena kudeatzen du, bai gorputzarena bai emozioarena. Beraz... txanpiñoiak ote gara koba kanpoan?