Ondo gaude

Irailean opor egun batzuk hartu ditut. Lagunekin bidaiatzeko tarte bat eskaini diot nire buruari. Eta bigarren astean, etxetik, egin beharreko eta atzeratutako gauzei aurrea hartzen saiatu naiz. Medikura joan, lan ordainduetatik kanpoko lanei jarraipena eman... eta zinera joateko tarte bat ere topatu dut aste tartean. Eta baita gustura itzuli ere, Itsaso Aranak idatzi, ekoiztu eta zuzendutako 'Las chicas estamos bien' lehen filma ikusi ostean.

Kontakizuna, uda luze eta eternal batean kokatzen dela dirudi. Pertsonaia nagusien artean, guztiak emakumeak, bizitza, heriotza, sorkuntza-prozesu, maitasun eta harremanen inguruko elkarrizketak garatzen dira. Eta niri bereziki, heriotzaren inguruko ikuspuntu eta begiradak atzeman ninduen.

Pertsonaietako batek, beste bati, galdu zuen pertsonarekin hitz egitea gomendatzen zion. Oraindik ere, berarekin harremana mantentzeko modua zela. Eta nahiz eta gaur egun bilakatu zeneko pertsona egiaz ezagutzerik izan ez zuen, elkarrizketa hori elikatzeko saiakera egiteko. Orduan pentsatu nuen, noizbait nik ere egin izan nuela. Aitona-amonekin zehazki. Baina dagoeneko nahiko utzita dudala ekintza hau. Kasualitatez edo kausalitatez ordea, Aitonarekin lotu nauen pasarte bat izan berri dut. Eta ezin aukera hobeagoa baliatu ariketa sano honi berrekiteko.

 

Alazne Arruti:

"Ikasketarik kasik ez eta hala ere, ingeniari baten pareko erresoluzio gaitasuna zuen aitonak"

 

Irailarekin batera, Aginagako data berezienetakoak gerturatzen hasi ohi dira. Eta San Praixkuen antolaketa lanen artean, Herri Kirolak  prestatu behar izaten ditugu. Ergometroa, ingudea, txingak, lokotxak, sagar-bilketa, zakuak, arto aletzea eta trontza. Maiz ibili gara herri kirol ereduaren inguruan hitz egiten. Berritasunen bat eragiteko gogoa adierazi dute baten batzuk. Bestelako probak baliatzeaz, beste herriren bateko talderen bati erronka proposatzeaz... baina bueltan-bueltan, ostera ere, lehengora itzultzen gara. Ohiko tradizioari jarraipena emanaz, besterik ezean. Eta aurten ere, betiko lanei aurre egingo diegunez, trontza zorrozteko beharrean topatu gara.

Hauxe izan da, Aitonarekin hitz egitera bultzatu nauena. Izan ere, garai batean, berak zorrozten zituen sukaldeko labanak, konpontzen eta txukuntzen baserriko lanabesak. Berak, ikasketarik kasik ez eta, ingeniari baten pareko erresoluzio gaitasuna zuenak. Esku zartatu eta adimen abilarekin, edonolako aparatuak sortzen zituenak.

Eta orain, han hemen ibili behar bilaketan, aipatutako trontzak zorrozteko gai izango den pertsona baten bila. Azkenean, Seguran, beraren pareko 81 urteko gizon heldu batengana jo dugun arte. Eta esan nahi nizuke, ondo gaudela aitona. Baina nahiago izango nukeela, hemen etxean, zurekin trontzak zorrozten jarraitzeko ohorea izango banu.