Petrikiloak

Duela gutxi, Orioko udalak, herriko hitzak eta esamoldeak biltzeko eta zabaltzeko beka-deialdia egin duela ikusi dut. Belaunaldi berriek ere, hauen berri izan eta naturaltasunez erabiltzea sustatu nahi dute, eta lan hori egiteko prest dauden gazteei eskaini zaie aukera. Ideia aproposa iruditu zait, izan ere, ziur nago gutako askok senide, bizilagun eta ezagun askoren falta sumatu izan dugula eskuko hatzetatik ihesi egin digun jakinduriaren pisua sentitzen hastean.

Gaur egun, oraindik badira gorputz gazteetan osatu diren entziklopediak diruditen gizaki miresgarriak. Garai bateko kontu, izen eta erreferentzia guztiak barruan jaso eta mantentzeko gaitasuna izan, edota hautua nahiz erabakia hartu dutenak. Nik behintzat, asko miresten ditut halakoak eta pozgarria iruditzen zait zuek ere hau irakurtzean baten bat gogoan izateko aukera izatea.

Hala ere, esango nuke lehenik eta behin, ia gehienok erreferentzia nagusitzat familiako edo inguru hurbileko jende heldua izan dugula. Eta agian haien galerak gogorarazi digula gaur egun, berrikuntza eta garapen teknologiaren izenean, ez dakigula informazioari behar duen bezalako balioa edo trataera ematen.

Alazne Arruti:

"Behin amonari suge gorri batek heldu zion eta senda belarrekin zebilen gizon batek sendatu zuen"

Dagoeneko, bizitzako une oro, argazki digitaletan eta bideotan harrapatzera ohitu gara. Sare sozialetan eta interneten zintzilikatzen inolako filtro moralik gabe, baina filtro estetikoez gainezka. Baina bizitza, zertan neurtzen da zehazki? Nola bildu ondorengoek jasotzea nahi genukeen esperientzia eta jakinduria baliagarriena?

Gaur, familiartean, belar sailen urteko hirugarren mozketa bildu eta jaso dugu elkarrekin. Kuadrilla polita bildu garenez, aise bukatu ditugu lanak, eta giro susmagarri eta udatiarraz gozatzera batu gara arratsalde pasa etxeko atarian. Berrogeita hamar eta hirurogei urte bitartekoak gehienak. Eta haien urte erdikoak, gainerakoak.

Ea aspaldian ziraunik ikusi ote dugun galdetu du batek. Belarrak lantzean, ia beti azaltzen direla erantzun dio beste batek. Eta berehala, sugeen inguruan garatu da elkarrizketa. Duela ez asko, belarrak biratzerakoan, bere buruarengan kiribildutako pila bat topatu zuela oroitu du amak ileak tentetuta. Eta orduan oroitu dugu, nola behin amonari suge gorri batek heldu zion hozka belar meta batean jolasean zebilela. Zorionez, senda belarrekin aritzen zen gizon batek sendatu zuen. Nik ahotan, curandero hitza hartu dut. Ez bainekien ez ohiko sendagilea nola izendatu. Eta orduan aditu dut bizitzan lehen aldiz petrikilo hitza.

Eta halaxe, nahigabean, pasarte huraxe behar den moduan kontatzeko hitza jaso dut barruan.