Izugarria da pentsatzea, une oro sabela helduta, kontrolpean, itxurari eusten eduki dezakegula inkontzienteki. Niri esaterako, gertatu izan zait yogako saioren batean. Pixkanaka, behatz puntetatik bururaino, eskaner baten antzera gorputza errepasatzeko ariketarekin hasi eta sabela aipatzean, ustez aske nuena, benetan askatu behar izatea. Eta ordudanik, nire gorputzaren ustezko egoera naturala, kaletik oinez ibiltzean, aulki batean esertzean, arropa konkretu batzuekin... tentsioan egotera behartzen dudanaren jakitunagoa naiz. Baina nondik dator hau guztia?
Haur asko txikitan, pottokoak izan ohi dira, eta grazia egin edo osasuntsu daudenaren itxura dutela esan ohi da. Jan eta lo, beti potolo egoteko garaia dutela, gero etorriko direla gerokoak. Baina zer dator gero? Noiz ebakitzen da samurtasunaren eta presio sozial eta kanonen arteko muga? Noiz bilakatzen da haur baten sabel kanporatua barregarri izatetik epaitua izatera?
Garai bateko marrazki bizidunetan, gorputz lodia zuten pertsonaia asko, zakarrak, gaiztoak, traketsak, ez desiratu edo desiragarriak, baztertuak... irudikatu ohi ziren. Gaur egun, gaiarekiko nahiko aldenduta nagoen arren, ziur nago oraindik normatibitatearen araberako edukiak gailentzen direla nagusiki. Eta ausartuko nintzateke esatera, gorputz lodien presentzia egon bai, baina aldatu dena egiaz, hauen jarrera edo izateko modua izan dela oro har. Besarkagarriak, babesleak, bihotz onekoak... izango dira akaso, baina ez protagonisten adinako konplexutasun edo garrantzia dutenak. Agian oker nabil.
Dena den, guztiok dakigu gaia ez dela bertan amaitzen. Gaur egun, sare sozialek duten presentzia kontuan izanda, serie edo pelikulez haratago indarkeria izugarria jasaten dugu etengabe. Argaltzeko produktu miragarriak saldu nahi dizkigute, dietaren kultura sostengatu nahi dute interes ekonomikoen eraginez, eta argaltasunaren pribilegioa elikatzen dihardute eta dugu, une oro.
Eta zuk, saritzen duzu zure burua baskularen gainean pisua galdu duzula ikustean? Zigortzen duzu zure burua oporren ondotik, erlaxatuta, gozatzeari emana egon ostean? Zein gorputz mota desiratzen dituzu? Zein aurreiritzi edo epai gauzatzen dituzu besteekiko? Zein lotura egiten duzu gorputzaren itxura fisikoa eta osasunaren artean?