Txorroskiloarena

"Partaide batek txorroskilo bat hartu eta zergatik aukeratu zuen azaldu zigun".

Aurrekoan, udalak Usurbilen antolatutako saio batean egoteko aukera izan nuen eta saio gidari finek, talde handi samar bati, bidaia bat egiteko proposamena egin ziguten. Helmuga: 2050. urteko Usurbil. Bidaiaren nolakotasuna: trantsizio ekosozialaren baitakoa. Ariketa: gure herria birpentsatu eta bidea bera irudikatzea, eskura jarri zizkiguten material eta tresnekin collage bat osatuaz.

Gustura aritu ginen taldeka, bakoitza bere irudimenerantz, eta une oro soinean daramagun bizitzaren motxilara joaz. Hantxe eraiki genuen elkarrekin, irudi eder bezain konplexu bat. Hankak lurrean izanda, baina lanketak eskatzen zuen adinako abstrakzio eta jostatzeko gogoaz.

Horretan ari ginela, partaide batek txorroskilo bat hartu eta zergatik aukeratu zuen azaldu zigun. Oinarrizko tresna bat zela zioen, arkatzarekin erabiltzen zena, baina bolalumentzat balio ez zuena. Hasiera baterako beharrezkoa. Bai eta bidearen higatze eta kamusteari aurre egin eta ostera ekiteko aukera eskaintzen duena ere.

Eta halaxe, beste taldekide batek, tresna sinple bezain beharrezko honen inguruko pasarte bat kontatu zuen. Antza, Espaziora bidaiak hasi ziren garaian, tripulazioari espazio-ontzian idazteko tresna aproposena aukeratzen aritu omen ziren, alde batetik sobietarrak eta bestetik estatu batuarrak. Eta dirudienez, Nasakoek, diru kantitate handi bat bideratu omen zuten, espazioan grabitateari aurre eginaz bere funtzioa aproposa beteko zuen bolalumaren diseinura. Eta kontrara, sobietarrek, arkatza eta txorroskiloa aukeratu omen zituzten, euren sinpletasunean.

Alazne Arruti:

"Hurrengo urteari begira jarria naiz. Beste behin, baliatu, atzean utzi edo probatu nahi ditudanak irudikatzen"

Istorioak grazia egin zigun bertakoei. Eta bide batez, oso baliagarria egin zait testu hau idazten hasteko. Nahiz eta hasi aurretik egin dudan ikerketa azkar eta arin baten bitartez, kontakizuna zalantzan jartzeko argudio nahikoak topatu ditudan. Baina zuen baimenarekin, amu txiki bat uzten dizuet hemen, gaiaren inguruan zuen kaxa sakondu dezazuen. Eta nik, batere lotsarik gabe, eskainitako irakaspenari helduko diot, lerrook idazten jarraitzeko.

Izan ere, abenduarekin batera, hurrengo urteari begira jarria naiz. Beste behin, baliatu, atzean utzi edo probatu nahi ditudanak irudikatzen. Eta ondorioztatu dudan lehena, ostera albo batera utzita izan ditudan gauzetara itzultzeko beharra sentitzen dudala izan da. Oinarrizkora, xinpleegiak diruditen arren, ezagutzen eta funtzionatzen dutela dakidan ohituretara. Laguntza eskatu, mugak jarri eta ondoan izan nahi ditudan leku eta pertsonetara. Baina helmugaranzko bidean, urratsak ematen jarraitzeko asmoa galdu gabe. Beharrezko itzuliak emanda, baina aurrera.