Duela hilabete batzuk artatu ninduten harrera leihatila berdinean, dagoeneko prozedura aldatu dela eta abiatuta nuen kudeaketa, elektronikoki amaitu beharra dudala adierazi dit emakume batek. Nik harriduraz, dokumentu ofizial bat bidali beharra dudala jakinarazi diot, eta azkenean, posta ziurtatuz bidali behar izan dut 70 orrialdeko dokumentua postetxetik. Ahaztua nuen, gutunak nola bidaltzen ziren ere.
Herrian zabaldu beharreko deialdi baten prestaketaren bueltan, kartelak hormetan itsatsi beharra azpimarratzen dute batzuek. Eskola zaharrekoak direla eta beraien tankerakoak ere erakarri nahi izanez gero, bide hori baliatu behar dugula halabeharrez.
Posta elektronikoaz gain, Whatsappetik ere deialdia egin beharra dagoela, beste zenbaitek. Instagram kontua zabaltzeko ideia ere zabaldu da. Eta behin izena izanda, kontua zabaldu eta erreserbatu dugu gure txokoa sarean. Baina gutxi balitz, aplikazio honexek, ea Facebook-era ere batu ote nahi dugun galdetu digu. Hurrengo batean izango da.
Hala ere, badakigu bide guztiok urratuagatik, ahoz ahokoa baina gertutasun gehiago nekez lortu dezakegula. Baina batzuetan, egunerokotasunaren zurrunbiloan, bata bestearen jarduna eteteko ere nahiko lan izaten dugu.
Herriko bazter eta inguruak filmatzeko aitzakian, ahaztuak genituen bazterrak bisitatu ditugu taldean eta elkarrekin. Autoak aparkatu, kafea hartu eta lehen kokapenerantz jo dugu. Heldu garenerako, eulitzar edo erlauntza baten antzerako zarata nabaritu dugu buru gainetan. Mugikorretik agintzen dio gidariak, eskuin-ezker, biratu, igo edo jaitsi. Zeinen txundigarriak diren dronak, gure mesederako baliatzen ditugunean behintzat.
Jaso nuen lehen mugikorrak ez zuen internetik, eta hala ere belaunaldi milennialekoa edo natibo digitala omen naiz. Gure etxean, seme-alabok erakutsi genien gurasoei, lehengusu zaharrenei esker eta eskolan irakatsi zigutenaren bitartez, ordenagailu eta Internetarekin lehen harremanak izaten.
Orain aldiz, gaur egungo gurasoen kontraesan eta buruhausteen mundu mugagabearen atarian gaude. Ezjakintasuna, beldurra eta gu baina askoz errazago, edo agian, goizago ikasteko aukera izan duten ume eta nerabeak ditugu aurrez aurre. Eta ezer ez dago idatzita. Guztia aldiz, erabakitzeko.