Aginaga Biziberritzen deitu diogu eta egiaz, izenak berak oso ondo laburbiltzen du bere funtsa. Pixkanaka, denborak eta bidean hartutako zenbait erabakiek higatu duten herrigune bat biziberritzeko helburua izan baitu muinean. Akaso, higatze hori zertan datzan galdetuko duzue batzuek. Eta nik, bertan jaio eta hazi naizen 28 urteko gorputz eta bizipenetatik kontatuko dizuet nire irakurketa oinarrizkoa.
Alazne Arruti:
"Kooperatiba baten bidez, denda zerbitzua, telekomunikazioak, kultura eta herritarren zaintza... kolektibizatu nahi ditugu"
Aginagan lehen, herriaren topaleku zen plaza arkupedun bat genuen. Nik argazkietatik oroitzen dut batez ere, baina nahasiak ditut entzun eta ustez bizitako zenbait oroitzapen katramilan. Herri kirolak, soka-tira, musika eta ospakizunak... herria eta bere bizitasuna, guztiak bildu eta elkarren parean jartzen zituen gune bat datorkit burura. Gaur egun ordea, frontoiaren zuloak betetzen du bere hutsunea. Eta tira hozpela den arren, estalpea izanik erabilera ematen diogunik ezin ukatu behintzat.
Baten batek txorakeria dela pentsatu dezakeen arren, hirigintzak herri batean sekulako eragina izan dezake. Nola ez dira higatuko harremanak, topaleku eroso eta gustukorik izan ezean? Honi lotuta ere, hainbat urtetan zerbitzu paregabea eskaini zuen herriko denda itxi izana galera nabaria izan zen, eta ez du maila bereko ordezkorik topatu gaurdaino tamalez. Erdiguneko taberna bera ere, itxita egon izan da, eta Eskola Txikia ere hilzorian noiznahi...
Nola garatuko da herri bat oinarrizko baliabiderik gabe? Elkartzeko, eguneroko erosketak egiteko, kafea hartu eta harremanak elikatzeko espaziorik gabe? Nola mantenduko da eskola eta areagotuko biztanleria, familia berriak bizitzeko etxerik ez eta zerbitzu gabezi honi irtenbiderik eman gabe? Nola eraiki bizitza bizigarriak, elkarrekin batu eta auzolanik gabe?
Bada, egoera konplexu eta berezi honi gehiago luzatzen utzi nahi ez diogulako batu gara zenbait herritar. Eta gure artean azaldu ohi dugun gisan, suitzar labana baten antzera jardungo duen figura juridiko berri bat diseinatzeari ekin diogu. Irabazi Asmorik gabeko Kooperatiba baten bidez, denda zerbitzua, telekomunikazioak, kultura eta herritarren zaintza... kolektibizatu nahi ditugu besteak beste. Etorkizun hobeago bat eraiki asmotan gabiltza eta bidea hasi besterik ez dugu egin. Zatozte bisitan eta zikindu eskuak gurekin batera!