Hitzordua adostu genuenean, aspaldian tontorrera ez nintzela igo pentsatu nuen. Gertu izanagatik, ez baita sekula nire ohiko mendietako bat izan. Maizago jo izan dut Kukuarrira edota Herniora ere.
Dena den gustura ekartzen dut gogora, bertara samurtasunez lotu ohi nauen oroitzapen bat. Bizi izan ez banuen ere, bere garaian, album zahar batean topatutako argazki bati esker gorpuzteko gai naizena, behar dudan orotan.
Aipatutako argazki horretan, Andatzako egurrezko aterpearen parean ageri dira etxeko bi amonak. Ikurrina batzuen eta zuhaitzen artean, egurrezko eserlekuetan deskantsuan. Egun eguzkitsua dirudi eta urte luzeetan etxean lanerako erabili ohi izan ditugun arropak ikusi daitezke non nahi. Izan ere, ohartzerako, mendira joateko arropajeak ere aldatu ziren noizbait.
Alazne Arruti
"Amonen falta sumatuagatik, bidaide ezin hobeekin igo izan naiz Andatzara geroztik ere"
Aitaren ama eserita, bastoiari bi eskuekin heldu eta hanka mardulak luzatuta ageri zen. Amarena aldiz alboan, arinxeago, baina beherantz abiatu aurretik indarrak berpizten suma zitekeen. Biak betaurrekoekin eta alderik alderako irribarre ahaztezin batzuekin. Gustura egingo nuke jauzi une horretara, baina tira, askotan hutsuneak ere bete dezake bihotza goxotasunez.
Haien falta sumatuagatik, bidaide ezin hobeekin igo izan naiz geroztik ere. Larunbatean bertan, irudi berezi horiek buruan bueltaka nituela, ilobaren algara eta marru artean igo ginen gustura. Eta eguraldiak heldu ziola eta ezin kexa, salda beroa hartu eta pintxo banarekin tripa lasai betetzeko aukera izan baikenuen patxada eta giro ederrean.
Beherantz abiatu ginenean ordea, familiari argazki batzuk bidali eta zertxobait berandutuko ginela abisatzen ari ginela, amaren eguna ere bazela oroitu ginen. Bost laguneko taldean, 4 ama batzen genituen guztira. Bakoitza, lotsa moduko batek harrapatu zuen, bizitza oso batean sentituko dugun eskertza hori, modu berezi batean nola ospatu edo balioan jarri ote daitekeen pentsatzen hasi denaren zamaz.
Eskerrak, naturak askotan bere edertasun sinple eta soilenaz, gauzak errazteko gaitasuna duen. Izan ere, gure barruko haurrek, bide ertzetako basa-loreei erreparatu eta sorta pare bat prestatu zituzten. Bakoitzaren izaera eta izateko formak errespetatuz. Zilbor-hesteez elkarri lotu eta askatu ginenean bezalaxe. Elkar balioan jarriz eta zintzoki maitatzeko gai.