Baina badirudi barruan piezaren bat mugitu zaidala, eta dagoeneko aspaldian ematen ez nion horri espazioa ematen nabilela. Edo agian egunaren argitasuna izango da, udaren gertutasuna sumatzen hasia naizela.
Aurrekoan adibidez, etxean telelana egiten nenbilela, lanaldia bukatu eta bilera batera irten beharra izan nuen presaka bazkaltzeko astirik gabe. Irten aurretik, ostean etxera itzuli eta beranduago bazkalduko ote nuen pentsatzen hasi nintzen. Baina gorputzak eta gogoak ezetz esan zidaten. Beraz, amak eginak zituen babarrun eltzea zabaldu, hauen usainarekin tripak orroka hasi eta tuperrean sartu nituen, fruta apur batekin batera.
Bilera arina izan zen, baina gustura aritu nintzen ohi bezala jende berria ezagutu eta esperientzia ezberdinak partekatzen. Batzuetan, alferrik prestatu ohi dira gidoi eta edukiak. Alferrik lehertu garunak, egin beharrekoei aurre hartu eta prestaketa lanetan. Batzuetan, entzun, jaso, eman edo itzuli egin behar izaten da, buelta askorik eman gabe. Eta uste baina emaitza erraz edo argigarriagoak lortu daitezke egitura informal eta gizatiarretatik. Halaxe amaitu genuen, gosetuta eta bakoitza bere bidera itzuleran.
Alazne Arruti:
"Tuperra zabaldu eta eguzkiaren goxotasunean koilarakadaka hasi nintzen. Eta orduantxe aditu nuen ahots ezezaguneko “on egin” bat"
Dagoeneko urdaila serioski kexaka nuen eta gainerakoak agurtu bezain laster, eguzkiak hartuta zuen txokoren batean esertzeko amorratzen nengoela, Potxoenea eraikinaren aurreko egurrezko mahaian eseri nintzen. Orduan konturatu nintzen ni bezalaxe, jendea ere atzera aurrera zebilela. Haurrak, guraso, senide eta bestelako zaintzaileak parketik barrena. Jendea enkarguak egitera bidean, taberna hornitzaileak karga eta deskargan eta baita bilera ezberdinetako partaideak pareko atean barrurantz zeharkatzen ere. Eta ni hantxe, guztiaren erdian eta erabat desorduan bazkaltzen hasi berria nintzelarik.
Tuperra zabaldu eta eguzkiaren goxotasunean koilarakadaka hasi nintzen. Babarruna, hauen salda eta patata, presarik gabe dastatzen. Eta orduantxe aditu nuen ahots ezezaguneko “on egin” bat. Beste pare bat koilarakada bat eta provecho hurrena. Eta azken arrastakoak garbitzen ari nintzela, 3.n agurra, ordu laurden eskasean. Eta aspaldian, bakarrik eta jendaurrean, halako patxadan ezkutatzekorik gabe egon gabea nintzela pentsatu nuen.