Behin ohiko ibilbideak ikasi eta bakoitzaren gorabeherak barneratzean hasi nintzen lasaitzen, musikarekin batera kantatzen eta elkarrizketen erritmoarekin bat egiten.
Gerora, distantzia eta ibilbide berri edota konplexuagoak egiteko beharrarekin, autoa martxan jarri aurretik, mugikorreko Google Maps aplikaziora sartu eta gidaritza osoa ematen nion ibilbidearekiko. Artaldeko ardi baten gisan joan ohi nintzen artzainaren aginduei men egiten. Nire kalterako, ez nuelarik ia erreferentziarik gogoan hartzeko astirik ere hartzen.
"Alazne Arruti: Nahiago ditut hezur eta hezur eta haragizko Google Maps-ak"
Halaxe elikatu nuen laguntzaile horrekiko dependentzia. Hainbeste, non, behin baina gehiagotan egindako ibilbidek nire kaxara egiteko gai sentitzen ez nintzela. Ordutik, erronka moduan hartu dut, aplikazio honen erabilera. Eta itsu-itsuan beragan sinesteari utzi nahi izan diot, intuizio eta senari bere lekua itzuliaz.
Aurrekoan adibidez, Donostiako bulego ondoko kafetegian nengoela, auzotar bati gomendatu zidaten tapiztegi baten inguruan galdetu nion. Unean bertan, ez zuen kokatzeko gaitasunik izan. Denbora gutxira ordea, bulegora bertaratu eta beharrezko jarraibideak eman zizkidan ahots gertuko eta atseginaz. Eta orduantxe berretsi nuen, askoz ere nahiago ditudala hezur eta haragizko Google Maps-ak.