Irailari maiz, hasiera zaporea erantsi ohi diogu. Errutina berriak eraiki ohi dira garaiotan, batzuk lana zein puntutan eten genuen asmatu nahian gabiltzan artean. Nire kasuan, proposamen berriren bati baiezkoa eman diot ikasturte berrirako, lagunartean kirol berri bati ekiteko erabakia hartu dut eta aspaldian izen-eman nahi nuen ikastaro batean parte-hartzeko aukera izan dut hiru aste eskasotan.
Horietatik, aitortu beharra dut batez ere azkenak piztu didala zirrara gehien. Izan ere, irailaren 14an Azpeitiko Kimu Bat espazioan, Garbiñe Larrearen esku zabaltasunaz, Sendabelar Baratzeaz ikasten aritu ginen grinatsu. Eta orain, atetik sartu aurretik baina ilusio gehiagorekin jarraitzen dut lehen urratsak ematen.
Etxean, sendabelarren inguruan erreferentzia apur batzuk jaso izan ditut. Baina gai askorekin gertatu ohi den bezalaxe, nahi baina gutxiago izan dira. Oroitzen dut adibidez, amonak eta amak nola kontatzen zidaten, lanean izandako istripu baten harira infekzio itsusi bat izan zuela aitona zenak. Ospitalean ingresatuta, medikuek hanka ebakitzeko asmoa adierazi zieten, beste aukerarik ikusten ez zutelakoan.
Amonak berak, ezkutuan eraman omen zion pasmo-belarrez egindako infusioa. Ezkutuan egin zuela azpimarratzen zuen, garai hartan, mediku batzuek ez baitzuten begi onez ikusten sendabelarren kontsumoa. Baina zorionez, aspaldidanik ezagutzen zuten erremedioak hurrengo egunerako bere lanak egin zituen, aitona etxera osorik itzultzeraino. Esango nuke, horrexegatik diogula landare honi halakoa estimua.
Berbena belarra ere, ezagutu izan dut eta haren enplastoa, behin erabili izanaren akordua dut, izter aldean gaiztotutako ile batek inflamazioa bat eragin zidanean. Gainerakoan, etxe inguruan jasotako kamamila lehorraren usaina ere ohikoa izan da sukaldean.
Maiz, ardura eta tristuraren arteko zerbait sumatu izan dut, garai batean ikasi eta proban jarri zutena, gugana heldu ez eta galdu egingo dela jabetzean. Baina aizue, etxetik ez bada ere, kanpoan jaso nahi dugun jakintza eskuratzeko aukera izatea, ez da makala, ezta? Eskerrak inguruan lan izugarria egiten ari diren dibulgatzaile bikainak ditugun. Eta zuek, zeri heldu nahiz diozue ikasturte honetan?
Argazkia: Garbiñe Larrea Iturralde @Gar2Larrea