Duela gutxi ordea, beste txakur kume bat hartzeko ideia elikatzen hasi ginenez, bilaketa berri bati ekin nion. Lehenik eta behin, animalien babeslekuetan begiratzen hasi nintzen. Gero, elkarte ezberdinen izenean, adopziora bideratuta zeuden zenbait albisterekin egin nuen topo. Arrazari ez genion erreparatzen, ahal zela, kumea izatea besterik ez genuen bilatzen.
Txikitatik animali artean bizi izan naizen arren, adopzioaren gaia, nahiko berria da gurean. Ez nekien askorik prozesuaz, baina lehen harremanak egiten hasi nintzen. Hasteko, galdetegi luze samar bat bete behar nuela jakinarazi zidaten. Nire bizi estiloa, txakur bat zaintzearen inguruko iritziak, albaitariaren inguruko galderak, txakurra zehazki non biziko den deskribatzea... Luzea izan zen, baina arduraz erantzun nuen galdera bakoitza, erantzunak koordinatzaileari itzuliaz.
Ustez, hurrengo urratsa elkarrizketa bat hitzartzea zen, presentzialki zein bideoz, elkar ezagutu eta txakurraren bizilekua ezagutzeko helburuarekin. Zain egon ostean, ostera idatzi nien, prozesuaren jarraipena egiteko asmoz. Eta nire harridurarako berehala erantzun zidan. Gainerako kideei erantzunak helarazi ostean, elkarteko estatutuek kanpoan biziko ziren txakurrak adopzioan ematea debekatzen omen zieten.
Nik inozenteki, elkarte zehatz horren irizpidea izango zela pentsatuaz, beste elkarte batengana jo nuen, zuzenean eurek ere irizpide bera ote zuten galdetu nielarik. Etxebizitza handi batean bizi ginela azaldu nien, kanpoan lurrak eta itxituraz mugatutako lorategia genituenez, txakurrak ez genituela etxe barruan izaten. Baina itxituraz kanpo ere, gure ardurapena lasai ibiltzeko eremua ere bazutela azalduaz.
Eta orduantxe bota zidan ederra: “Egia esan ez dugu gustuko animalia kanpoan bizitzea. Etxeko beroa eta maitasuna etxe barruan partekatzea nahi dugu. Gehienek kanpoan amaitzen dute katean lotuta eta hori ez da animalia bat adoptatzea. Hori ez da familiako kide bat gehiago izatea”. Beraz, haserrea irentsi eta zakurra pisu barruan bizitzea zaintza apropos baten baliokidea ez dela izaten erantzun nion hortzak estututa, metro eskaseko kaiola barruan kaka artean aurkitzen zen txakur kumearen argazkiari erreparatzen niolarik.
Eskerrak txakur gehienek, gizakiek sortutako txakur-umorea arintzeko gaitasuna duten.