Urak dakarrena

Urak dakarrena, urak omen daroa. Lurrak emandakoa, lurrean omen da geratzen. Eta gu hemen omen gaude, beti gu hemen. Hala dio Benito Lertxundiren ahots gazteak 1969 kantuan. Baina naturari mugak ezartzen dizkionak, bueltan jaso beharko du naturak dakarrena. Eta horixe da Valentziako irudi gordinek agerian utzi dutena.

Sentitzen dut honen inguruan irakurri nahi ez baduzu. Nik ere egiaz, ez nuen honetaz hitz egin nahi. Nire gogo eta pentsamenduak, blokeatu samar egon dira, egoera distantziatik aztertu nahian. Izan ere gu, hemen gaude, gure etxeen lehorrean.

Tarte hau ordea, ez nuke irakurketa pozoitsu edota astunegi bat egiteko baliatu nahi. Erabaki okerrak, hartu gabeko neurriak... iragana dira dagoeneko, eta oldartutako kaleek nahikoa esan dute horren inguruan. Gaurkoan lupa beste zerbaitetan jarri nahi nuke.

Alazne Arruti: "Gure lurraren metro karratu gehienak, ikuspegi kapitalista eta etekin ekonomiko handienen espekulaziora bideratzea norentzat da mesedegarri?"

Ikusi duzue Euskal Herriko zein Espainiar estatuko kostaldearen bilakaera azken hamarkadetan? Zenbait, klima aldaketa turismoarentzat mesedegarria izaten ari dela esatera ausartzen ari da, tendentzia horri helduaz. Antza, bataz besteko tenperaturaren igoerari, bortxaz bada ere alde ona atera nahi diote. Baina gure basakeriak, zeri egiten dio mesede? Gure lurraren metro karratu gehienak, ikuspegi kapitalista eta etekin ekonomiko handienen espekulaziora bideratzea norentzat da mesedegarri?

Eraikuntza proiektu handi eta andanak onartu izan dira landa gune, ibai eta itsasoei espazio kentzeko beldurrik gabe. Eta orain, egoerari aurre egin eta beharrezko guneak naturari itzultzeko unea heldu dela dirudi. Urak zer ekarri eta zer eramango duen erabakitzea dagokigu.