Festak, gizarte eta herri bizitzaren erakusle zuzenak direnaren sinismena dut oraindik. Herrigune txiki bateko ikuspuntua daramat soinean eta agian horrexegatik izango da. Gurean, auzolan eta elkartasunik gabe, aurrera eramaten ditugun ekintza asko gauzatzea ezinezkoa izango lirateke. Beharrezkoa dugu elkarrekin hitz egin, elkarren beharrak kontuan izan, ardurak banatu eta laguntza eskatu eta eskaintzen jakitea.
Moduren batean edo bestean, festak badira azken urteari atzera begiratu eta errepasoa egiteko aitzakia bat. Ikasturte eta urte amaieraz gain, beste so batekin erabili litekeen neurgailu mota bat, nolabait.
Aurtengoan adibidez, Orion, 'Gazteen Ahotsa' izeneko talde bat sortu omen da. Ustez, azkenaldiko festen egitarau edo kutsuarekin bat ez datozen, eta aniztasun gehiago aldarrikatzen duten gaztetxoak batu dira. Talde berri honen sorrera pozgarria da hein batean, gazte berriak antolatu eta euren proposamenak herriratzeko dinamika eta espazioetan parte-hartzeko hastapena izan daitekeelako. Belaunaldi berriak, euren bidea urratzen hastekoa, nolabait.
Sareetan zabaldu dutenaren arabera, gazteen proposamen ezberdinak jaso ostean, festa batzordeko antolakuntza bileretara eraman nahi izan dituzte. Eta antza, aurtengoz, reggetoia jartzen duen DJ-ren bat proposatzera mugatu omen da euren aldarria. Aurrerago ikusi beharko da, elkarrekin batzeko arrazoi gehiago ba ote dituzten.
Lehen sintoma atzean utzita baina, gertakari garrantzitsu eta larri bat gertatu zen San Nikolasetan. Izan ere, herri mugimenduko pertsona baten aurkako eraso bat salatu zen Herri Bazkarian zehar. Eta beraz, abenduaren 8an, igandez, kontzentrazio baterako deia egin zuen mugimendu feministak.
"Onerako zein txarrerako, gizarteari begiratzeko erakusleiho edo ispilu apartak dira festak"
Komunikatuan azpimarratzen zen ez zela gertakari isolatu bat izan. Pertsona honekiko jazarpena lehenagotik omen zetorren, eta erasotzaileek inpunitate osoz jarduten omen zuten, azken gertakari honen ostean publikoki esku hartzea erabaki zelarik.
Bigarren sintomari erreparatuz, badirudi, arrazoi anitzetan oinarritzen den indarkeriari aurre egiteko lan ugari dugula oraindik. Baina honen aurrean are nabarmenagoa da, herriak edozein erasoren aurrean irmoki erantzun dezan geroz eta ozenago salatuko direla gertakariok. Onerako zein txarrerako, gizarteari begiratzeko erakusleiho edo ispilu apartak dira festak.