Mark Zuckerberg, Jeff Bezos, Sunder Pichai, Elon Musk eta hauen emazte edota senideak ziren. Guztiak ezagutzea zaila den arren, hona hemen itzulpen soildu baina ulertzeko nekez bat: Meta (besteak beste Whatsapp, Messenger, Facebook, Instagram... gisako sare sozialen taldea), Amazon (merkataritza elektronikoko eta laino edo sarean oinarritutako konputazioan diharduen korporazioa) eta Google-n (adimen artifiziala, lineako publizitatea, bilaketa-motorren teknologia, hodeiko konputazio, software.. dabilen enpresa) ordezkariak ziren.
Elon Musk, azken izenak bestalde, jabetzan ditu Tesla (punta-puntako auto elektrikoen diseinuan oinarrituriko enpresa), SpaceX (suziri eta espazio-ontzi aurreratuak diseinatu, fabrikatu eta jaurtitzen dituena, besteak beste, turismo espaziala sustatu eta pertsonak beste planeta batzuetan bizi ahal izateko helburua duena), eta 2022 urtean erosi eta X izenez berrizendatu zuen Twitter sare sozial ezaguna.
Alazne Arruti: "Zatozte, eta topa gaitezen Mastodon gisako espazio berrietan"
Trump, harro agertu da industria teknologikoan duen eragina lau haizetara zabalduaz. Eta hain zuzen, Elon Musk, munduko pertsonaiarik aberatsenetakoa txertatu du bere kontseilarien artean, Gobernu Eraginkortasuneko Departamentu berriaren buru izateko.
Ez, irakurri berri duzuna, ez da pelikula apokaliptiko baten hasierako kontakizuna. Egungo munduan, teknologia eta informazio kudeatzeko bide berriek duten boterea agerian dago, inoiz baino argiago. Eta guk, zer egin dezakegu korronte honen aurrean? Sare sozial eta adimen artifizialaren tsunamiak irentsi gaitzan utzi?
Gaiaren larritasuna eta konplexutasuna kontuan izanda, pasa den urtarrilaren 20an, hainbat eragilek kanpaina berri bat abitu zuten mundu mailan, “Goazen lagunok” lelopean. Multinazionalen jabetzako sare sozial "toxikoak" utzi eta fedibertsora trantsizio kolektiboa bultzatzeko deia egin zuten. “Internet gizatiarrago batean sinesten dugu, monopoliorik, algoritmo inbaditzailerik eta nahi ez den publizitaterik gabe”, diote. Beraz, aizue, hartu arnasa eta jarraitu dezagun sare berri eta gardenago batzuk garatu eta elikatzen. Zatozte, eta topa gaitezen Mastodon gisako espazio berrietan!