Eta zuk, non dituzu aurrezkiak?

Otsailaren 20an, Biziola espazioan izan nintzen Koop57-ko batzar orokorrean. Bere garaian, Arruabarrena gozogintza enpresaren pabiloia zena, eskuratu eta erabat itxura berritu du proiektu honek, honako helburuarekin: bi urte eta erdi inguruko prozesu baten ostean, bizitza erdigunera eraman eta Ekonomia Sozial Eraldatzailea (ESE) sustatzeko eratu zen, Goierri burujabeago, iraunkorrago eta orekatuago baten bidean.

Proiektu eder honetan bestek beste, honako ildoak lantzen dihardute: produktuak bildu eta banatzeko logistikarako gunea da, produktuak eskuratu eta agroekologiaren bidean hezi eta hazteko espazio bat izateaz gainera. Produktuak eraldatzeko aukerak eskaintzen dituen espazio bat ere bada, hitzaldiak, tailerrak, mahai inguruak, antzerkiak, kontzertu txikiak… egiteko plaza ireki bat izanik. Mundu bizigarriagoak sentitzeko, ezagutzeko eta bizitzeko aukera emateko asmoa dute, eta laster, ESEaren baitan diharduten proiektuentzako lanerako espazioak eta proiektu berrien haztegi bat ere izatea espero dute.

Mota honetako proiektuen motor nagusia, pertsonak garen arren, bada beharrezkoa den eta pisua handia duen beste baliabide bat ere. Dirua, hain zuzen. Auzolanean onarritutako proiektua izanagatik, Biziolako kideek, behar finantzario handiari egin behar izan diote aurre urratsak ematen jarraitzeko. Eta, nola ote da posible, 500 kide inguruko sare bat duen irabazi asmorik gabeko kooperatiba batek, fabrika oso bat erosi izana? Bada, Koop57 gisako entitate finantzario eta etikoei esker izan dela, ezin ukatu daiteke.

Koop57-ren berri ez duzuenontzat ere, hona aurkezpen bat. Coop57, Katalunian eratu zen 1995ean. 1986ko krisi betean, Bruguera argitaletxeak porrot egin eta enpresa birmoldatzeko, kooperatiba bihurtzeko edo eroslea bilatzeko saiakeren ondoren, bankuak enpresa likidatzea erabaki zuen. Guztira 775 langile kaleratu zituzten eta horietatik gutxi batzuk, borrokan jarraitzeko hautua egin zuten, 1995ean epaileek arrazoi eman zien arte. Funts horien zati bati esker sortu zen egun ezagutzen dugun finantza-zerbitzuen kooperatiba-sarea, eta 2015ean eratu zen Euskal Herriko lurralde-saila ere, abiada betean doana, ezagun zaizkigun hainbat proiektu ezinbesteko lagundu dituelarik.

Diruak bere baitan, ez du gizarte eraldatzeko botererik. Baina, aurrezkien bitartez, norbere balio etiko eta sozialekin koherenteak diren proiektuak finantzatzeko aukerarik, izan badugu!