Zainduak izaten ematen dugu gure bizitzako lehen tarte handi bat, gurasoek, aiton-amona, izeba-osaba, lehengusu, senide, bizilagun edo lagunek antolatu behar izan dute, nolabait, gure zaintza beharrei erantzuteko. Eta eskaini behar izaten da denbora, indarra, pazientzia, ulermena, arnasa, baliabide, gomendio edota esperientzia truke bat, nonbait.
Lehen ziurrenik, baziren hobe egiten ziren gauzak. Partekatuago, zabalago, komunitarioago izan zitezkeen moduak, agian. Baina gaur egun arte, zenbait gauzetan aurrerapenenak ere lortu izan direla pentsatu nahi nuke. Hala ere, aldaketa eta moldaketa guzti hauen artean, puntu kritikoetako bat, zainduak izan garenok, zaintzaile izatera bilakatu beharreko trantsizioan hasten dela esango nuke.
Nire kasuan adibidez, izeba bilakatu nintzenean eman zen erronka esanguratsu bat. Iruzurtiaren sindromeak irentsi ninduen, haurra lehengo aldiz besoetan hartzeko, negarrez hasten zenean egoera kudeatzeko, pixoihala aldatzeko edo sinpleki, ordu bete bat berarekin bakarrik egoteko, prest ez nengoela pentsatzen nuelarik une oro eta etengabe. Egoera berria irudikatu eta mentalizatzen saiatu izanda ere, blokeo moduko bat sentitzen nuen, konfiantza elikatuz pixkanaka lausotzen joan dena.
"Jaso duguna bezainbeste eman beharra dugula diote. Eta jasotakoa, kasu gehienetan, neurtezina da"
Noski, aurretik ere, ingurua zaintzeko behar edo ardurari ere erantzuten saiatu izan naiz. Lagunak, familia, bikotea... Baina, nolabait, naturalizatuago edo modu ezberdin batean bizi ditugun espazioak izan ohi direla esango nuke. Eta nire kasuan behintzat, momentu pertsonalaren eta garai bakoitzeko lehentasun eta denbora kudeaketaren arabera, baliabide gehiago edo gutxiagorekin erantzun izan ditut alor hauek.
Azken urteetan ordea, egoera gordin edo zailagoekin topatu naiz eremu hauetan ere. Izan ere, zaindu gaituzten horiek, zaharrago, nekatuago, ahulago... edo zenbaitetan gaixoago daudela jabetu bainaiz, besteak beste. Eta aurrera begiratuz gero, erantzun beharreko zaintzaren zama eta ardura izugarriaz jabetu naiz. Haurrak hazten eta geroz eta independenteago izateko bidea hartu ohi duten ahala, helduaroan kontrako bideari ekiten zaiola dakigun arren, muturreko egoeretan jabetzen gara batez ere horretaz.
Jaso duguna bezainbeste eman beharra dugula diote. Eta jasotakoa, kasu gehienetan, neurtezina da.