Ostiral horretatik, etxetik nenbilen, telelanerako aukera baliatuz. Ordenagailuaren 2 pantailak abian nituen, portatila eta hau hedatzeko darabilkidan pantaila handia, elkarri kateatuta. Mezularitza azkarreko programak, 2. plano batean eta hitzak edo idazkiak prozesatzeko ohiko programa batean barneraturik nengoen, proiektu baten idazketan. Kalkulu-orriren bat ere zabalik izango nuen ziur, bai plano eta eskemak egiteko diseinu software-a ere. Izarraitzeko antena bidez jasotzen dugun etxeko internet konexioa, ondo zihoan, beharrezko bideo-dei eta kudeaketa elektronikoak egitea galarazi gabe.
Baina zart, 12ak aldera, ez deus geratu nintzen, mahaigaineko portatilean biltegiratutako kargarekin tiraka. Etxeko gorabehera izango zela eta eskuartean nuena halamoduz gorde nuen, zuzenen armairu elektrikora jo nuelarik. Babesak errebisatu eta guztia zuzen zegoela ikusi bezain pronto, fatxadan enpotratuta dugun kontagailura jo nuen. Baina akabo, kontagailuak bera ere itzalita zegoen, saretik hornidurarik jasotzen ez zuelarik. Bizilaguna izango ote da obra betean behar ez zuen kableren bat ikutuaz? hasi nintzen marmarrean hurrena.
"Nire kasuan, presarik gabe bazkaria aurreratzeko erabakia hartu nuen, argindarra etortzen zen bitartean"
Baina ez, lankideei hornidura elektrikorik gabe nengoela abisatzen hasi, eta orduantxe heldu zitzaidan mezu-saldoa. Estatu mailako itzalaldia zela, eta egoera egonkortzeko denbora beharko zelakoan, segurtasunagatik bulegoak itxi eta ahal genuen neurrian etxera joateko gomendioa jaso genuen koordinatzaileen partetik. Beno, astelehen batez, lanaldiaren azken txanpan halako gertakaria izan, zerura begiratu eta eguzki argitsu bat ikusteak, egunari beste modu batera aurre egiteko kemena ematen du behintzat, eta eskerrak.
Nire kasuan, presarik gabe bazkaria aurreratzeko erabakia hartu nuen, argindarra etortzen zen bitartean, eguzkitan eseri eta liburu bat irakurtzeko tarte bat izango ote nuen iragarri nahian. Izan ere, ordenagailu, internet eta ohiko komunikazioa-kanalik gabe, nekez aurreratu nitzakeen aurreikusitakoak.
Irratiko solaskide batek bestalde, lehen sektoreko proiektu komunitario batean diharduelarik, lanerako beharrezko baliabide guztiak erabilgarri zituela zioen, eguraldi hona lagun, kanpoan egin beharreko lanekin jarraitu ahal izan zuelarik, inongo trabarik gabe.
Eta zuk, zenbaterainoko menpekotasun energetikoa duzu zure egunerokotasunean?