Alde batetik, Udal ordezkariak bertaratu ziren, lan-taldearekin egindako ibilbidea azaltzera. Eta argi azaldu zuten, udaletik ere, gaur egun Aginagaren etorkizunari begira, herriak egindako apustua babesten dela. Izan ere, Gipuzkoako hainbat landa eremuetako herri txikien antzera, gainbeheraren aurrean, elkartasunez erantzuteak berebiziko garrantzia du. Baina, ze inplikazio izan beharko luke udal batek, halako prozesu batean?
Kasu honetan, harreman publiko-komunitarioak sustatu eta babesteko moduak topatzea ezinbestekoa dela esango nuke. Eta horretarako, tresna erabat baliagarriak dira herri kooperatibak. Olatukoopek, duela gutxi Laia Aldizkarian argitaratu duen artikuluan argi azaltzen du: tresna ekonomiko eta politiko berriak behar ditugu, egungo herrigintza eta udalgintza eraldatzailera egokitu eta eta lurralde burujabetza ekonomikoa sustatzeko.
Zergatik? Burujabetzaren bidean, tokian tokiko estrategiak garatzeko aukera eskaintzen dutelako. Eta egungo ekonomia kapitalistaren ikuspegitik, horren erakargarriak ez diren ingurune edo komunitate baztertuagoetan, lanpostuak sortzeko aukera eskaintzen digutelako, besteak beste.
Tokian tokiko garapen horri esker egin diezaiokegu aurrea adibidez, despopulazioari. Eta zerbitzu minimoak jaso ezin dituen komunitate bati, irtenbide eta praktika zehatzak eskaintzeko ere, baliatu daiteke aukera. Baina horretarako, ezinbestekoa da herritarren arteko saretzea. Eta bide horretan, egunerokotasuneko harreman eta dinamikak zaintzea ezinbestekoa da.
Aginaga Biziberritzen Herri Kooperatiba, 2024an eratu zen, eta bazkidetza kanpaina zabaldu berritan, Aginagako etxe bakoitzera heltzeko asmo irmoa dugu!
Izan ere, Aginaga Biziberritzen, beharretik sortu bada ere, jauzi hau, herritarren babesari esker eman da. Auzolana bera, urteetan zehar bizirik mantentzen asmatu delako, batetik. Haur, gazte, zein helduek, festetan elkarbizitza eta lankidetza naturaltasunez bizi eta mantendu dutelako. Baina, bestetik, egunerokoan ere, horretan sakontzeko aukera elikatu delako, guztion ongizatea eta bizi kalitatearen mesedetan, lan egiteko gogoari heldu zaiolarik.
Beraz, jarraitu dezagun urratsez urrats bidea elkarrekin egiten, zaindu dezagun herria eta ingurua. Zaindu ditzagun sareak, eta zabaldu ditzagun gauzak egiteko modu berri eta kolektiboak. Aginaga Biziberritzen Herri Kooperatiba, 2024an eratu zen, eta bazkidetza kanpaina zabaldu berritan, Aginagako etxe bakoitzera heltzeko asmo irmoa dugu!