Aste honetan, udalak antolatutako Kanpoko Desfibriladore Automatikoen ikastaroan hartu dut parte. Aspaldian jarrita dago Aginagako Frontoi inguruan desfibriladore bat. Kaxa gardenean aurkitzen da laranja koloreko maleta, baina ez dut sekula erabiltzen ikusi. Noizbait atera dute kaxatik, baina nik dakidala, ez bihotz bati deskarga bat eragiteko, Lesakako festetan agertu baitzen, oso osorik.
Saioan zehar esan ziguten legeak argi zehazten duela zein kokapenetan izan behar diren eskuragarri desfibriladoreak: 700 metro karratutik gorako merkataritza-guneetan, aireportu eta merkataritza portuetan, 50.000 biztanletik gorako edo egunean 2.000 pertsona inguru biltzen diren udalerrietako geltokietan eta 2.000 pertsonatik gorako edukiera duten ikastetxeetan. Baina desfibriladoreak jartzeaz gain, zaindu eta ondo mantendu beharrak daude. Eta nola ez, gizarteari orokorrean eta naturaltasunez erabiltzen irakatsi, ezinbestean.
"Ariketa interesgarri izan zen, tarteka, inguruan emandako gertakari bat edo bestera garraiatu gintuena"
Bada, bertaratu ginen gehienok berdina genion, gailuok non dauden jakin badakigula, baina sekula ez dugula jakintzarik eskuratu sorospenari dagokionean, edo dagoeneko ahaztuta ditugula egin beharrekoak.
Ariketa interesgarri izan zen, tarteka, inguruan emandako gertakari bat edo bestera garraiatu gintuena. Lurrera makurtu eta panpinekin egin genituen frogak, egoera ezberdinak aurkeztu ostean. Eta argi dago, aurretik prestatuta ere, gero ezinezkoa dela jakitea zein egoeratan gerta daitekeen eta nola erreakzionatuko genukeen. Baina pentsatu nahi dut, hemendik aurrera, biziraupenerako katea buruan izateko aukera gehiago izango ditugula, behintzat.
Bat. Egoera aztertu, ahoa begiratu eta pertsona arnasa hartzen ez dela ari identifikatu ostean, laguntza eskatu, inguruan eta 112-ari deituaz. Bi. Posizio egokian jarri ostean, bihotz-biriketako bizkortzea (BBB/RCP) egin,30 zanpatze eta nahi izan gero 2 zanpatze tartekatuz. Hiru. Bitartean gertuen dagoen desfibriladorea identifikatu eta eskuratu dezaten eskatu. Eta segi, gailua edo anbulantzia heldu arte, bizkortzea eten gabe eta aukera bada txandak eginez.
Eta azkena baina are garrantzitsuagoa: emaitza dena delakoa dela ere, gure eskuetan dagoena egiten saiatu garela ez ahaztea.