Uztailean apur bat deskantsatu eta abuztuan lanean aritu naiz. Inguruan erritmoa moteltzen nabaritu dudan arten, udan zenbait espaziotan aktibitatea eteten denez, batzuen geldialdiak beste batzuen larritasuna elikatzen du, nolabait. Irailak hala ere, berarekin ekarri ohi du erritmo aldaketa bat. Besteen errutina aldaketak, gainerakoengan eragina izaten baitu ezinbestean.
Esango nuke, eguraldiak ere eragin nabarmena duela halako datetan. Giro euritsu batekin, agian etxeratu eta prokrastinatzen aritutako gauzei heltzea errazten zaie zenbaiti. Baina eguraldi onak, oraindik hondartzak bete eta giroaz gozatzera erakarri ohi du, askorentzat.
Aurreko ostegunean, hego haizea zetorrenaren abisuarekin irten nintzen etxetik. Kamiseta tiranteduna eta oinetako freskoekin jo nuen autora, baina goizak oraindik haize freskoa zekarrela jabetzean, agurtu behar izan genuen familiako kide baten alkandora beltza jantzi nuen soinean. Jantziak begi bistan ez du ezer berezirik. Garai batean kolore gogorrago bat izango zuen, baina nik jaso nuenerako, lihozko oihala zakartzen eta kolorgetzen hasita zegoen. Dagoeneko ez du bere usainik, baina, gustuko dut soinean jantzi eta bera oroitzea.
"Mugikorra, poltsa, kartera... guztiak nituen begi bistan, motxilan ere ez nuen boligraforik faltan sumatu, baina alkandora beltza falta zen"
Bulegora heldu eta ordenagailu aurrean aise berotu nintzen. Ohartzerako ordea, hamar eta erdiak heldu eta lankidea, kafea hartzeko ordua zela esanaz hurbildu zen mahaira, artaldea bildu eta atsedenaldi bat hartzeko artzain lanetan. Kalera irteten hasi eta badaezpada, ostera alkandora beltza poltsan zintzilikatu itzuli nintzen atarira.
Kafea batzuk, Cola Cao bat eta patata tortilla pintxo bat batu genituen mahaian, norberaren pasarteak partekatzen hasi aurretik. Ordu erdiren bueltan bakoitza bere postura itzuli eta ekinean geunden.
Bazkalostean, tuperra hustu eta lanaldia bukatzerakoan, motxila osatu eta larritasun bortitz batek estutu zidan barrena. Mugikorra, poltsa, kartera... guztiak nituen begi bistan, motxilan ere ez nuen boligraforik faltan sumatu, baina alkandora beltza falta zen.
Bulegoen ez zegoela ziurtatu bezain pronto, korrika irten nintzen bero sargorian barrena kafetegira. Ordurako arropa ugari jaso behar izan zutela jakinarazi zidaten. Baina hantxe itzuli zidaten alkandora zahar eta estimatua. Dena den, alkandora galtzen badut ere, zin degizut zutaz oroitzen jarraituko dudala, osaba.