Fitosanitarioak

Erabiltzailearen aurpegia Alazne Arruti Bengoetxea 2025ko urr. 22a, 07:35

Hitza noizbait entzun izan dudan arren, duela gutxi jakin dut Fitosanitarioak zer diren. Ustez grekotik omen datorren phyto hitzak, landare esan nahi du. Eta beraz, landareen osasunari lotzen zaio kontzeptua.

Gaur egun, pestizida izenez ere ezagutzen dira, eta nekazaritza-laboreak eta landare-eremuak organismo kaltegarrietatik babesteko erabiltzen diren nahasteak edo substantzia aktiboak lirateke. Jatorri kimiko zein organikoa izan dezakete, eta batez ere, ekoizpen eta errendimenduan eragina izan dezaketen izurriteen (intsektuak, onddoak, sasiak, bakterioak, akaroak, karraskariak, birusak...) aurka egiteko.

Zenbait lurralde eta txokoetan, lehen sektorean oinarritutako industriaren gorakada, produktu hauetan oinarritu dela ulertzen nuen arren, ez nuen inguruan produktu hauen presentziaren inguruan hausnartu. Ezta etxean ere, baratza eta lur sailak parez pare izanagatik.

Gurean, BOTIKAK hitza erabili izan da. Abereentzako zein lurra erein ostean jan nahi ditugunak tratatzeko izan. Eta, nahiz eta noizbait, senideren bat ilargira bidaiatzeko prest, buzo eta musukoa jantzita tomateak urdintzen ikusi izan dudan arren, ez dut gerora tomateak jaterakoan arrisku edo arduratzeko moduko arrazoirik sumatu. Baina inoiz ez da berandu.

Harritzekoa dirudien arren, esan dezaket, lege batzuei esker, ikusi nahi edo ezin izan dudanean sakontzeko aukera izan dudala. Izan ere, aspaldian etxean, botikak erosten jarraitzeko, fitosanitarioen erabilerarako oinarrizko ikastaroa egin beharra nuela esaten zidaten. Luzatu eta luzatu, duela aste pare bat Fraisoron izena eman eta 25 orduko ikastaro presentziala gauzatu dudan arte.

Atetik sartu orduko, lehen sorpresa: gazteenetarikoa neroni. Barre txiki batekin eseri nintzen, ikusirik, ikasgaiak, ni horra bidali nindutenen pareko pertsona helduekin partekatuko nituela. Lehen irakaslearen aldetik, informazioa asko, beldurgarri bezain interesgarri jaso ostean, azterketaren azken aurreko egunean, atal praktikoenari heldu genion.

Irakasle berria, gaztea zen eta bakoitzari laburki nondik gentozen azaltzeko eskatu zigun. Jubilatutako baserritarrak, hiritar baratza dunak, herentzian jasotako sailak mantentzeko buruhausteak zituzten belaunaldi berriak, profesionalki sektorean jardun nahi zuten eta duela gutxi Euskal Herrian lurreratutako pertsonen bat... eta nire antzera, “botikak” erosten jarraitzeko bertaratzera behartuak bildu ginen bertan.

Azterketa gainditu dut. Beraz orain, kulturalki etxean jaso eta mantendu diren ohiturak errebisatu eta erabakiak hartzea dagokit.