Sarajevoko giza safariak

Erabiltzailearen aurpegia Alazne Arruti Bengoetxea 2025eko azaroaren 19a

Bide bazterretan aparkatutako 4x4 autoen gurpil lokaztuak, zintzarri elektronikodun zakurrak, walkie-talkieen antena tenteak, kamuflajezko arropa marroi eta berdexkak, txaleko fosforito biziak eta tiro hots gordinak sumatu izan ditut maiz etxe inguruan.

Egia da, askotan, basoa eta ingurunearekiko errespetuz jarduten dutela zenbaitek. Eta, gure inguruko fauna eta landarediaren jakintza sustatu eta transmititzen lagundu izan dutela akaso.

Baina, familian ehizan ibiltzen diren partaideak izan baditudan arren, eurei ere partekatu izan diet niri iritzia. Ez dut ehizaren zaporea gustuko. Eta oraindik ez dakit esaten, haragiaren gustu basatiagatik hala kontzientzian eragiten didan pitzaduragatik den, zehazki. Ziurrenik biak.

Aitortu beharra dut, batez ere legez antolatutako basurdeen uxaldiekin egin izan dudala topo. Eta lehen sektorean egindako sarraskien kexu entzun ditudala era berean nekarazi asko. Baina, ehiza munduan ere, eredu eta negozio bide ugari zabaldu dela jakina da.

"90eko hamarkadan Bosniako guduan, Sarajevoko Frankotiratzaileen Etorbidea deiturikora, giza safariak egin izan zirela salatu du Ezio Gavazzeni idazle eta kazetari italiarrak"

Aurrekoan adibidez, iparraldeko lurralde batzuetara ehiza bidaiak antolatzen zirela jakin nuen. Dirutza ederra ordaindu eta ehizatzeak sortzen omen duen zirrararen bila joaten omen dira asko. Izan ere, ehizatutako animaliak ezin omen dituzte etxera ekarri. Beraz, zakurrak entrenatzeko aitzakiarekin, bideo joko baten pare, tiroka dabiltzan gizon (nagusiki) taldeak irudikatze hutsak, ulertu ezina sortzen dit. Eta beste behin, gizakiok, lurra eta bertako gainerako bizidunekiko gailentzeko dugun gaitasunak beldurra eragiten dit.

Azken egunetan ordea, beste mota bateko ehizarekin lotutako are eta berri beldurgarriago batek astindu dizkit barrenak eta bazterrak. Izan ere, 90eko hamarkadan Bosniako guduan, Sarajevoko Frankotiratzaileen Etorbidea deiturikora, giza safariak egin izan zirela salatu du Ezio Gavazzeni idazle eta kazetari italiarrak, Guido Salvini magistratu ohiak eta Benjamina Karic Sarajevoko alkate ohiak babestu dutelarik.

Antza 2021 eta 2024 urteetan zehar zurrumurrua zabaldu zen, eta 2023an ere, Sarajevo Safari dokumentalean gorpuztu omen ziren zenbait testigantza. Eta badirudi azkenean, gaur arteko hariei tiraka, 17 orrietan dokumentatu dela denuntzia, Milango fiskaltzak ikerketa ireki duelarik. Sinestezina dirudi, baina zerbitzu hori kontratatzeko 80.000€ inguru ordaintzen zela uste da.

Pelikula eta telesail batzuetan ikustera ohitu garen fikzioa gainditzen du batzuetan errealitateak. Baina kasu gehienetan, antzeko osagaiak hartzen dute parte: boterea, dirua, supremazismoa eta armak.