Kontrasteak eta gabonak

Erabiltzailearen aurpegia Alazne Arruti Bengoetxea 2025eko abenduaren 19a

Urtea amaitzear den honetan, badirudi iragandako sasoiari erreparatzera behartuak gaudela. Presio soziala izango da agian, baina inertziaz bada ere, askotan jardun dut ariketa horretan. Eta ez dakit munduratu nintzeneko kontagailuan bi zifretatik lehengoarekin, hiru zenbakira jauzi egitera noalako ote den, baina azken urtean mugimendu edo aldaketa ugari nabaritu ditut inguruan.

Kuadrillako lehen haurrak jaio dira eta gurasotasunaren olatuak oin puntak busti dizkigula dirudi. Independizatu ezinean ibili ostean, pisu partekatu zein gurasoenetik hipoteketara jauzian dabiltza zenbait. Eta jada etxe berri horien inaugurazioetarako opari berezirik ez zaigu otutzen ari. Ezkontzen sasoiari ere ekingo diogu datorren urtean, horrek suposatzen duen gainerako ospakizun zein logistika labirinto guztiekin.

Zenbait ere, orain arteko bikote harremana eten eta ostera bakarrik bizitzen ikasten ari den honetan, ausartu da norabidearen kontra sentitzen ari dela partekatzera. Ez da harritzekoa, broma artean, elkar ikusteko hitzorduei errespetua hartzen hasi garela esatea elkarri, beste albiste lehertzailerik entzutearen urduritasuna nabaria baita giroan. Bitxia bezain ohikoa den pasabide bat zeharkatzen hasi garenaren sentsazioa dut dena den.

Eskerrak, behintzat, egunerokotasunak eta heldutasunak elkarrengandik aldentzera bidali nahi gaituztela dirudien arren, elkarrenganako zubiak mantentzeko ahalegina egiten ari garen, dena den. Batzuetan arinago, besteetan estropezuka, baina elkarrekin topo egiteko une eta forma berriak bilatzen ari garela baitirudi. Eta horrek ere badu edertasuna, aniztasunean.

"Zaindu dezagun gure burua, ingurua zaindu nahi genukeen beste. Eta bai eta alderantziz ere"

Kuadrillaz kanpoko zirkuluetan ere, nabarmentzen dira batzuetan kontraste hauek. Eta datozen egunetan, are eta nabarmenagoa izan liteke. Beraz adi, hartu arnasa, saihestu betekadak eta eutsi sasoiari. Izan ere, Gabonek ere badute lehergailuen gisan inguruan dardarizoak sortzeko gaitasuna. Batzuetan, zaurituak izateaz gain, besteetan, kate-erreakzioari eragin edota hura martxan jarri izanaren errudunetako bat ere izan gaitezke, norbera salbu mantentzeko asmotan.

Familia handi bateko kide gisara, sinpletasuna aldarrikatzeko beharra izan dut azken urteetan. Batzuetan elkarrekin biltzeko aitzakiak behar izaten ditugu, baina tristea litzateke, aukera hau ingurua estutu eta itotzeko baliatzea. Formula magikorik ez dagoen arren, saia gaitezen egunerokoan bilatzen dihardugun oreka begi bistatik ez galtzen.

Zaindu dezagun gure burua, ingurua zaindu nahi genukeen beste. Eta bai eta alderantziz ere.