Bikotea konplize izaten dut, baina aurtengoan ez genuen plan berezirik. Furgoneta zaharra hartu eta eguraldi epelaren bila abiatzea genuen helburu, ingurutik askorik aldentzeko asmorik gabe. Baina halako planek duten malgutasuna baliatu behar izan genuen, elurte eta euriteek penintsula hartu zutela ikusita.
"Ohartzerako autoa aparkatu eta barruan geunden. Sei orduko bidaia genuen gauez"
Aukera ezberdinak irudikatzen hasi ginen, baina eguraldiak ez zuen hobetzeko itxurarik inguru horietan. Halako batean ferryen inguruko aipamena egin zuen baten batek. Sarean bilatzen hasi eta Bartzelonatik irteten ziren aukera ezberdinak aztertu genituen. Eta kanpoa zuritzen ari zen bitartean, badaezpada gehiegi pentsatu gabe, joan-etorrirako bidaia erosi genuen.
Aspaldian ez zuen halako bidaia luzerik egiten lau gurpildun gure aterpe gajo horrek. Baina, zailtasun batzuk izanagatik, heldu ginen portura. Gorputza eta barrenak, urduri sentitzen nituen gidari eserlekuan. Baina, check-ina egiteko garaiz heldu eta beharrezko azalpenak jasota, itsasontzi alboan jarri gintuzten ilaran.
Ohartzerako autoa aparkatu eta barruan geunden. Sei orduko bidaia genuen gauez, eta atera nuen ondorio nagusia honakoa da: badirudi kamaroteak erreserbatzeko helburuz egiten dituztela horren eserleku irristakor eta zurrunak. Dena den, heldu aurretiko irrikaz lo-kuluxka txiki batzuk egin eta ohartzerako, Mallorkan hartu genuen lur.
Bidaia bitxia izan da. Udarako prestaketa lanetan ari ziren eremu asko, obra betean. Zerbezak 4€-tan eskaintzen zituzten eta kafea eskuragarriago bazen ere, negozio asko itxita zeuden. Neurri handi batean turismotik bizi den irlak, hutsik zirudien hiritik kanpo. Baina egiaz horren bila gindoazen. Kostaldetik ibilaldiak egin eta eguzkiak berotzen zuen artean, itsasoan sartzen saiatzera. Bizikleta batzuk alokatu eta zeharkaldi arinen bat egitera. Goxo jan, gorputzak askatu eta burua arintzera. Elkarrekin, presentziaz, kalitatezko denbora igarotzera. Bertakoen egunerokotasunarekin bat egin eta gurera itzultzeko indarrak hartzera.