Nire kasuan, lurra erein eta bertatik bizitzeko erabaki irmoa hartua duen nekazari-emakume-gazte baten, Artamugarri izeneko proiektua ere etortzen zait gogora. Duela gutxi, bere jardunaren zuri eta beltzak ezagutzera emateko baliatzen dituen sare sozialetan, salmentan jarri dituen kamiseta eder batzuk elkarbanatu baitzituen. Eta bide batez, “Lurra, ereiten duenarentzat” leloa daraman beste kamiseta bat ere badudala oroitu dut, une honetantxe, non dagoen ere ez dakidan arren.
Azken denboraldian, bestek beste, Lurrari eta ingurugiroari eragiten ari garen basakeriak tarteko, elikadura eta nekazaritzaren gaia, beste modu batean mahaigaineratzen ari dela dirudi. Jaten dugunarekiko garrantzia, bertakoa eta gertukoa neurritasunez kontsumitzeko erabakia, langileen lan baldintzen auzia… balioan edo eztabaidan jartzen ari direlarik. Eta zoramen bete honetan, ekoizle berriak pixkanaka gorantz doazela sinetsi nahi genukeen arren, EB eta Mercosurren arteko akordioaren ingurukoak bolo-bolo dabiltzan unea berean, baserrietako askok jarraipenik izango ez dutenaren itzala luzea da oraindik.
Ez da giro, eta nahas-mahasa honetan, belaunaldiartekotasuna gai konplexu bezain hauskorra dela sentitzen ari naiz, inoiz baina gehiago eta gertuago. Haragi propioan eta baita familiako etxe lurretan ere, gero eta argiago ikusten dut, etorkizuna eta izan zenarekiko transmisioa, gako garrantzitsua dela, oso.
"Gehienetan, konfiantza eta gogoa aurrez elikatzen hastea ezinbestekoa izaten da, ondorengoek aurrera pauso bat eman dezaten"
Egun, gero eta esku eta bizkar zartatuagoek besarkatzen naute neroni eta baita baserri eta bertako lur eta animaliak ere. Eta lurra parez pare izanagatik, ulertzea kosta egiten den baimen edo bultzada zain sentitu izan naiz. Nekatuegi dauden gorputz eta barrenei, errealitatea onartzea bera, are eta erronka gogorrago egoten ari zaien bitartean.
Gehienetan, konfiantza eta gogoa aurrez elikatzen hastea ezinbestekoa izaten da, ondorengoek aurrera pauso bat eman dezaten. Modu berriak baliatu nahi ditugun horiei, laguntza eta transmisiorako aukerak eskaini eta egiten utzi edota lagunduz, hankak lokatzetan sartu eta norbere bidea du ikasteko.
Lurra lokartu eta belartua egonagatik, grina duenak topatuko baitu akatsak eginda bada ere, zerbait berria ereiteko modua.