Errementariarena

Erabiltzailearen aurpegia Alazne Arruti Bengoetxea 2026ko martxoaren 27a

Txikitan, etxean, lehengusuak jada erabiltzen ez zuen liburu bilduma bat jaso genuen. Elkar argitaletxeko Mari saileko maletan zetozen oraindik, eta bertan jasotzen nituen txintxi-txintxo. Makilakixki, Barbantxo, Sorgin gaiztoa, Marizikin, Patxi errementeria... Gogoko nuen liburu haien orriak pasa eta ipuinetan barrena bidaiatzea, testuez gain, irudi bikain horiek harrapatzen nindutelarik. Batek daki non galdu ote diren... Duela gutxi ordea, kontakizun horietako batengana gerturatzeko aukera izan dut.

Urtemugak, ospakizun betean, ingurukoen babes eta maitasunaz gain, opariak jasotzeko aitzakia izaten dira. Norberak jasotzea erraza den arren, gainerakoei, harremanarekiko proportzionala izatea nahi genukeen opariak egiten saiatzea baina, nekeza eta astun samarra izan daiteke batzuetan.

Nire kasuan, duela gutxi ikasi dut, alboan ditugun horiek esaten dutenen hitzetan ohar edo ideiak atzematen. Ideiarik zoroena izanda ere, jaso eta gerora, ziurtasun horren gainean eraiki daiteke opari berezi bat. Eta noski, jaso behar duenarengan pentsatuz, sorpresa bati forma ematen saiatzea bera ere, opari ederra dela esango nuke. Nire kasuan behintzat, ez zait sekula gustatu izan, aldez aurretik jasoko dudanaren berri izatea. Zer jaso nahi dudan galdetu didaten aldi bakoitzean, behar dudan guztia, zorionez izan badudala erantzuteko zortea izan dudalako izango da agian.

Bada duela gutxi, bikoteari, elkarrekin egiteko ikastaro bat oparitu nion. Izan ere, telebistan botatzen zuten programa batekiko interesa piztu zitzaion. Eta ohitura txarra izanik ere, afalorduan, sutan forjatzen ziren laban, aizkora zein ezpata ezberdinak egiteko prozesua ezagutzeari afizioa hartu zion.

"Patxi Errementariaren ofizioa gertuagotik ezagutzeko aukera izan genuen, eta azken urteetan gero eta nabarmenagoa den ofizioen galeraz jardun genuen luze eta zabal"

Beraz, sarean bilaketan hasi eta Vida Primitiva izeneko webgunera heldu nintzen. Bertan zioenaren arabera, artisau lanean oinarrituta, Terueleko herri txiki batean Aintzinaroko objetuak birsortzen zituen bikote baten proiektua zen. Eta hain zuzen, arma historikoetan eta forjaketan espezializatuak ziren.

Beraz halaxe, askorik pentsatu gabe, Azaila izeneko herri hustu batean izan ginen ostiral gauetik igandera. Eta larunbatean zehar, labana pare sortzeko aukera izan genuen, ikatz begetala baliatzen zuen forja eta gure eskuen trebezia proban jarriz. Beraz, Patxi Errementariaren ofizioa gertuagotik ezagutzeko aukera izan genuen, eta azken urteetan gero eta nabarmenagoa den ofizioen galeraz jardun genuen luze eta zabal.

Noiz eta nola ordezkatu ote ditugu ofizioak balioan jartzen zituzten kontakizunak, unibertsitate ikasketen ezinbestekotasunarekin?