Presarena

Erabiltzailearen aurpegia Alazne Arruti Bengoetxea 2026ko maiatzaren 6a

Paradoxikoa izan arren, etenik gabeko eduki azkarren kontsumorako sare sozial batean harrapatu nau Alba Lez eduki sortzailearen mezuak: Presa ere, pobrezia mota bat da. Postontzi hori baten gainean daude idatzita hitzak. Eta une batez geldiarazi nau pentsakor pantailaren aurrean. Noiz idatzi ote nuen azken eskutitza? Noiz hartu ote nuen tarte lasai bat, paperean niri zuzendutako mezu bat irrikaz irakurtzeko? Noiz baztertu ote dugu patxada gure egunerokotasunetik? Oporretan bakarrik baimentzen diogu tarte bat geldotasunari?

Esango nuke, batzuetan oporretan ere kosta egiten zaidala erritmoa jaitsi eta naturaltasunez amain ematea. Kosta, gorputzaldi zein eguraldi eta aldartearen nahasketari kasu egin eta produktibitate ezean murgiltzea. Kosta, leku eta zaporeen atzetik presati ibili eta etengabeko erabakiak hartu beharrari amore ematea, hanka ez sartzearen zama askatzearekin bat.

Astearen nekea gorputzetik askatzeko, yogara joaten naiz astean behin, eta horretarako ere sarri autoa korrika eta presaka hartu beharrean imajinatu naiz. Baina hala ere gustura joaten naiz, saioa amaitu, klasekideak agurtu eta ostera autoan sartzerako gorputza alerta jartzen zaidala badakidan arren. Ostera, kanpoan utzitako hodei gris edo mamuak bertan jarraitzen duten arren, laguntzen nau gorputzarekin bat egiteko modu horrek.

Gurpil ero berari eragiten diogu denok eta sistemak pobre, otzan, nekatu, estresatu, kontrakturatu, presati, triste... nahi gaitu, produktibo izateko behar beste kontsumitzera behartzen gaituelarik.

Maiz, oinak lurrean jarri eta eskuak erabili beharra sentitzen dut, abiada horri ihes egiteko. Baratzean gerriak minberatu, eskuak lurrez zikindu, lorontziak behin eta berriz errebisatu eta txukundu, eguzkiari aurpegia goxatzen utzi, eta arnasa sakonago eta presenteago hartzera behartu behar izaten naiz.

"Aurtengo Aste Santuan hiru egun eman ditut Saran, bikoteak oparitutako ikastaldian gabardina eder bat josteko aitzakiaz"

Joskintzan barneratzen ere hasi nintzen iaz, eta azkenean ikastaroetan apuntatzen hasi naiz, arreta pantailetatik aldendu eta bestelako kontzentrazioa ariketa batean gehiago murgiltzeko. Taldean esperientzia trukatu eta konfiantza irabazten ikasi dut. Eta erabaki horri esker, aurtengo Aste Santuan hiru egun eman ditut Saran, bikoteak oparitutako ikastaldian gabardina eder bat josteko aitzakiaz.

Furgonetaren patxadan, etxetik gertu baina bete mundu batean sentitu naiz. Nirea ez den herri txiki batean lo egin eta esnatzearen patxada sentitu dut. Goizeko eguzkitan kafea edan ostean, oinez egin dut Athora Mantar Atelierrera bidea, bide bazterretako loreak eta xoriak antzemanez. Eta patxada bera izan nahi nuke bihar goizean ere.