Moko txiki bat eta pio bakanak sumatzen hasi ziren arrautzetatik. Batzuek, kanporanzko bidea egitea lortzen zuten arren, beste batzuek, laguntza eskertzen zuten azalari tentuz tira eginaz bidea erraztean.
Bitxia da irteten den bizidun hori, oskolaren barruan hazi dela irudikatzea. Klaustrofobia moduko bat sumatzen dut pentsatzen dudan aldiro. Bihurrikariarena eginaz norbere buruari besarkatutako irudikatzen dut bizidun ñimiño bakoitza. Eta gustura jakingo nuke, zein sen edo seinaleri jarraituz erabakitzen ote duten kanpora irteteko ordua noiz demontre heldu ote den. Barrenean nahikoa jan-edana ez dutelako, agian? Jada lepoa ere mugitzeko tarterik ere ez dutelako, akaso? Itolarriak edo aurrera egiteko zein indarrek bultzatzen ote die kanporantz?
Batek daki. Kontua da, irtenda ere, plastikozko kaxa heze eta bero batean topatuko zutela euren burua. Eta eurekin batera egon ziren gainerako arrautzak ikusiko zituzten, oraindik gainditzeko beste proba bat zutelarik.
Beraz, lehen arrautza zartatzen hasi orduko, bisita dexente egiten hasi ginen kaxetara. Irtetea lortu zutenak kanpora lekualdatzen genituen, zerrautsaren eta goritasun-lanpararen goxotan lehortu zitezen. Eta prozesu uste baina azkarragoa izan zen, hasieran azala eta hezurra beste ez ziruditen txita ahulak, lumaje ederra berreskuratuz pixkanaka ponpoxten ikustearena.
Ez da harritzekoa, guretzat ere horren berria eta bitxia zen prozesu honek, ilobarengan sortu zuen miresmena. Txitarik jaio ote zen galdezka zebilen maitasunez, lehen aldiz inkubategiak erakutsi genizkionetik. Irteten hasi zirela jakin zuen egunean bertan, etxera bertaratu eta korrika betean hurbildu zen eurengana beraz, lau urteko atzamar irrikatsuak luzatuz.
Katakumeak baina txikiagoak zirela eta suabe haltzeko azaldu ostean, konfiantzaz hartu zituen eskuetan, zeinen politak ziren goraipatuz eta guri oraindik eman gabeko muxuak emanaz. Eta egoera baretu eta jada arreta gugana itzuli zenean ekin genion ohiko elkarrizketa arruntari. Zer moduz eskolan? Zer egin duzu gaur? Jan nahi duzu zerbait?... Jarraian, baten batek honakoa galdetu zion arte: aizu M., gero zer egin behar dugu hauekin? “Handitzen direnean jan”, erantzun zuen bizkor bezain natural.