Gertu ditugun txokoak bisitatu ahala oroitzen gara maiz, ez dela urrunera joan beharrik deskonexio edo faltan sumatzen dugunarekiko konexioa berreskuratzeko. Nire kasuan aurten ere, Iratin ospatzen den triatloiaren aitzakian hurbildu naiz, duela bi urte ezagutu nuen zonaldera. Iratiko oihanak, Zuberoa, Behe Nafarroa eta Nafarroa elkartzen ditu, eta Europako pagadirik handienetariko bat aurkitzen da bertan.
Ostiral arratsaldez heldu ginen kanpineko natur eremura, artzaintzaz askorik irakatsi ez diogun artzain txakur bat eta oraindik ere opor beharrean sentitzen zen bikote bat. Partzelak betetzen hasiak ziren hurrengo eguneko kirol proba zela eta, baina aise topatu genuen txokoa, afaria prestatu eta laster lokartu ginelarik.
Kanpinak, oinarrizko zerbitzuak ditu. Komunak, garbiketarako harraskak, dutxak eta ur beroa. Basoaren eremu paregabe batean aurkitzen da, eta soiltasun eta bake horixe dira ziurrenik eskaintzen dituen benetako luxua. Ohartzerako baina, larunbat arratsaldean, ibilgailuak gutxitzen hasi ziren. Ondoko familiak ere, bi haurrak eta trastuak furgonetan bildu ostean, beste kanpin bat bilatzeko norabideari ekin zion. Eta hortxe, hortxe hasi zen pizten benetako magia.
Hurrengo goizean, eguzki goxo batek agurtu gintuen hegaleko atea zabaldu eta zakurra kanporantz irten bezain pronto. Eguna oskarbi eta lasai pizten ari zen, eta txoriak ere pixkanaka hasiak ziren kantari. Jertsea eta oinetakoak jantzi eta haize freskoak aurpegia igurztean, inguru hutsari erreparatu genion. Ez zuen inolaz aurreko eguneko eremu beraren itxurarik.
Mahaia eta aulkiak zabaldu, isiltasunean kafea egiteari ekin eta aspaldiko gosaririk lasaiena prestatu genuen, txakurra igurtzi eta elkarrekin patxadaz egonaz. Harrikoa egin eta mendi ibilaldirako prestatzen hasi ginen, arropa eta oinetako erosoak eta jan-edanak motxilan hartuaz.
"Guri, bisitarioi dagokigu, ahalik eta turismo jasangarri eta errespetuzkoena egitea"
Igandea izateko, oso jende gutxi gurutzatu genuen bidean. Zakur pare solte batekin zetorren artzain bikote batekin egin genuen topo, laster artalde eremuetan sartzekoak ginela eta zakurra lotzea oroitarazi zigutelarik errespetu osoz. Gerora ere, kartel eta oharrak aurkitu genituen bidean zehar. Artzainentzat, txakurrak, ezinbesteko laguntzaileak zirela eta lan eremuetan bisitariek errespetatu beharreko arauak oroitaraziz.
Izan ere, halako eremu ederrak zaindu eta mantentzeko, ezinbestekoa da lurretik eta lurrari esker lan eta bizitzeko prest dagoen jendea. Eta guri, bisitarioi dagokigu, ahalik eta turismo jasangarri eta errespetuzkoena egitea.