Azken urteotan gehiago hitz egiten da energiaz, batez ere, momentu puntualetan poltsikoetan are eta zulo handiagoa sumatzen hasi garenetik. Pandemia, gerra, nazioarteko gatazkak, hornidura-arazoak... Badirudi urruneko gertakariek gero eta eragin zuzenagoa dutela gure egunerokoan. Baina noraino iristen da lotura hori? Zergatik garestitzen da argindarra gasaren prezioa igotzen denean?
Datozen hilabeteetarako aurreikuspenek ez dute lasaitasun handiegirik iradokitzen. Baina egoeraren larritasunaz jabetzeko, energiaren merkatuan gertatzen ari dena ulertzea komeni da. Ormuzko itsasertza mapan bilatzean, harrigarria da zein txikia den ikustea, munduko energiaren merkatuan duen garrantziarekin alderatuta. Munduko petrolioaren %20 inguru igarotzen da handik, baita gasaren nazioarteko merkataritzaren zati handi bat ere. Pasabide horretan gatazka edo blokeoa egonez gero, energiaren horniduran eragina nabarmena da beraz, eta merkatuak berehala erreakzionatzen du egoeraren aurrean.
"Urruneko gertakariak diruditen arren, gure eguneroko ongizatea milaka kilometrora hartzen diren erabaki eta gatazken menpe dago faktura elektrikoari dagokionean"
Azken hilabeteotan Ekialde Hurbileko gatazkak eta Trumpen administrazioaren erabaki politiko eta militarrak, ziurgabetasun hori areagotu dute. Itsasartearen kontrolari, Irani ezarritako blokeoei eta nazioarteko merkataritzari buruzko erabakiek ez dute soilik eskualde horretan eragiten. Munduko energia-merkatuak elkarri lotuta daude, eta handik datorren gasaren edo petrolioaren hornidura kolokan jartzen denean, ondorioak Europara ere iristen dira, gure etxeko fakturetan eragiteraino.
Orain, negua gainera datorkigularik, eguzki-orduak gutxitzen dira eta berogailuak pizteko beharra handitzen da. Eta, eskaria handitu eta energia berriztagarrien ekoizpena txikitzen denean, garestiagoak diren beste teknologiak baliatu ohi dira eskariari erantzuteko, gasa tarteko.
Beraz, urruneko gertakariak diruditen arren, gure eguneroko ongizatea milaka kilometrora hartzen diren erabaki eta gatazken menpe dago faktura elektrikoari dagokionean. Eta ohi den moduan, halako krisiak baliatzen dituzte merkatua kontrolatzen duten inguruko enpresa handienek ere, egoeraren larritasuna estaliaz, aurrerago euren mozkinak areagotzeko helburuz, bezero berriak erakartzeko prezioak jaisten dituztenean.