Primerakoa

Erabiltzailearen aurpegia Alazne Arruti Bengoetxea

Etxean bost gara gaur egun. Afaria etxera heldu diren lehenek prestatu dutenez, besteek harrikoa egin eta sukaldea txukuntzea adostu dugu. Kirolaren eta lanaldiaren izerdiak dutxan garbitzera joan dira batzuk, eta besteak, beheko solairuan geratu dira, lanak amaitzen eta osteko hitzorduaren zain.

Aste tartean, ez dugu afalostean elkarrekin telebista ikusteko ohiturarik. Normalean, bakoitzak bere oherako bidea hartzen du. Baina gaurkoan, Primeran plataforman estreinatu duten Super Manterola telesail berriak gugan sortutako ikusmina dela eta, sofan egin dugu hitzordua oheratu aurretik.

Barre algaraka irentsi ditugu lau atalak, aspaldian euskaraz eta halako erregistroan ezer berririk ikusten ez genuela elkarri oroituz. Aurpegi ezagunak, umore gureago edo gertuagoko bat, hizkuntzaren erabilera naturala, inguruan sumatzen edo bizitzen ditugun egoera eta jarrerak mahai gainean jarri eta lantzea... Saioak, osagai eta pertsonai aproposak nahasten dituela iruditu zitzaidan eta oro har, halako zerbaiten falta sumatzen genuela ere aipatu genuen telebista aurrean bildu ginenok.

"Barre algaraka irentsi ditugu 'Super Manterola' telesail berriko lau atalak"

Horrez gain, nire kasuan, aspaldiko garaiak ere etorri zitzaizkidan gogora. Amona etxean bizi zeneko sasoira egin bainuen salto. Gauetan, Goenkale ikusten zuen gelan, leiho aldeko hormaren erpinean kokatzen zen telebista txiki batean. Hasiera batean akaso, ohean bertan batzen nintzaion, baina koskortu ahala, ohepean esertzen ginen anaia eta biok. Alfonbraren gaineko zirrikitua baliatuz, eta batez ere, amonaren konpainia, kexa eta algarak elkarrekin partekatuz.

Gero, Arraldeko gorabeherak garatzen eta eguneratzen segi zuten. Eta arrazoiak erabat ulertzen ez banituen ere, amonak jada ez zela lehengo gauza bera zioen eta ikusteari utzi ziola esango nuke. Kontrara, gure lagunartean amaiera-arte ikusten segi genuela uste dut.

Baina atzetik edo hobe esanda, tartean ere, etorri ziren Wazemank bezalako gutiziak ere, eta eskerrak. Oraindik ere, askoren memorian jarraitzen dute abesti ezagunen bertsio zoragarri horiek, Arregitarren mozolokeri eta bestelako atal bikainek. Tamalez, eduki labur, bizkor eta globalizatuen garaiotan, erabat aldatu edo aldarazi dute berau kontsumitzeko modua ere.

Urrun sentitzen ditudan gaztetxoenei zuzendutako euskarazko eduki berri eta arrakastatsuak sortu diren arren, aspaldian ez dut nire burua zinema, bakarrizketa edo antzerkiez gaindiko esparruetan, sofaren lasaitasunean eta unea ingurukoekin partekatuz, esfortzu askorik gabe barre egiten aurkitu. Primerako sentsazioa da, eta faltan sumatzen nuen.