Zergatik gertatzen da hau? Batez ere ezezagutzagatik. Emakumearekin lotutako kontuak (ere) bigarren mailan daude gure gizartean. Eta ondorioz, gaur egun oraindik, hilekoa edo gure erreprodukzio sistemaren gaineko informazioa askoz ezezagunagoa da gizonezkoena baino. Argi izpi bat eman nahi nuke alor honetan lerro hauen bidez.
Emakumeon hileko zikloa hilabete osoan zehar ematen da, eta bertan, hormonek eragin handia dute, gora behera handiak izaten dituztelako. Obulazioa gertatu aurretik, adibidez, progesterona, hormona lutegi-igarria eta folikulu estimulatzaileen mailak gora egiten dute. Alegia, obulua fertilizatzeko prest dago eta ondorioz, umore hobeagoa izaten dugu (orokorrean), fisikoki erakargarriago bihurtzen gara eta... BAI, txortan egiteko gogo gehiago izaten dugu! Zergatik ez da horretaz gehiago hitz egiten?
Baina obulazio kontuetan ere ziria sartu digute emakumeoi. Izan ere, ernalketan nagusitasuna gizonari emateko joerak gaur egunera arte iraun du. Erakutsi digutenaren arabera, espermatozoidea da heroia, eta obulua, konkistatua. Harengana iristeko, espermatozoideek elkarren aurka lehiatzen dute, eta tranpaz eta arriskuz betetako bidea egitera behartuta daude. Abilenak baino ez dira gai izango bukaerara iristeko. Haietatik bakarrak (azkarrenak, trebeenak) lortuko du obuluarekin bat egitea. Espermatozoideen trebeziari obuluaren geldotasuna kontrajartzen zaio. Izan ere, kontatu digute obuluak ez duela ezer egiten, pasiboa dela. Baina ezta gutxiago ere!
Duela bi urte egindako ikerketaren arabera, (danbor errepika sartu hemen, mesedez) obuluak aukeratu egiten du espermatozoidea bere DNAren purutasunaren arabera eta horretarako obuluaren kanpoaldea biguntzen du sar dadin! Alegia, obuluak 250 milioi espermatozoideren arteko casting bat egiten du. To eta no! Hori ez bada protagonista izatea, esango didazue zer den.
Baina natorren berriro ziklora. Hilekoa iritsi aurreko egunetan eta lehenbiziko egunetan progesterona, serotonina, noradrenalina eta oxitozina mailak jaitsi egiten zaizkigu, eta horrek tristura, antsietatea eta umore petrala eragiten digute. Horretaz gain, odola galtzen dugu eta ahulago gaude ondorioz. Odolaz ari garela, utzidazue datu batzuk ematen: pertsona heldu batek 4,5-5,5 litro odol ditu gorputzean. Horietatik 50 eta 150 mililitro galtzen ditugu hileko bakoitzeko, eta kontuan izanda bataz beste 400 hileko izaten ditugula guztira, bizitzan zehar 50 litro galtzen ditugu! Argitu nahiko nukeen beste gauza bat hauxe da: telebistako iragarkiek bestela erakusten badute ere, gure hilekoaren odola GORRIA da.
Odolaz gain, ordea, beste ondoez batzuk ere izaten ditugu egun hilekoa dugunean: sabeleko kalanbreak; gorputza puztu egiten zaigu likidoak gordetzeagatik; bizkarreko, gerriko, buruko eta titietako mina izaten dugu; idorreria edo beherakoa ere bai (eta batzuetan batera) eta hori gutxi ez eta gure uteroa hiru aldiz handitu egiten da! Beraz, barkatu egun horietan umore oso petrala baldin badut, baina ikusi nahiko nituzke gizonak hilabetero barrabilak ahuakateak bezala handituta eta zerako puntan tanpoi bat jarrita. Ziur nago kasu horretan hilero astebeteko baja ordaindua izango zenuketela!