Zientzialariak, adibidez, fundamentuzko pertsonatzat ditugu, baina ikerketa barregarrienak saritzeko ospakizunak egiten dituzte urtero. Hona hemen adibide batzuk:
Marc-Antoine Fardin fisikari frantsesa galdera hau erantzuten saiatu da bere ikerketarekin: katu bat izan al daiteke aldi berean likidoa eta solidoa? Fluidoen fisikan oinarrituta, katua hainbat edukiontzitan sartu ondoren, guztietara moldatzen dela frogatu du eta ondorioz baietz, katuak era berean likido eta solidoak direla ondorioztatu du! Ez al da bitxia ikerketa hau? Eta Doraemon katu kosmikoarekin ere balioko al du ikerketa honek? Daukan burua kontuan hartuta, zaila ikusten dut.
Estatu desberdinetako ikertzaile talde batek hauxe ikertu du: didyeridooa maiz jotzeak (Australiako musika tresna luze hori) zurrungak gutxiarazten dituela, eta baita apnea ere. Instrumentu hau astean sei ordu (!) jotzea nahikoa omen da gure zurrungak murrizteko. Nik gaztetan txistua ikasi nuen eta ziurtasun zientifikoarekin esan dezaket txistua jotzeak loa galarazten duela; batez ere bizilagunena.
Musikarekin jarraituz, Espainiako ikertzaile batzuk giza fetu batek musika intrabaginalki hobeto entzuten duela frogatu dute. Fetuen erantzuna 3D eta 4D ekografien bidez neurtu dute, eta konturatu dira modu honetan musika entzuten dutenean mingaina atera edo ezpainak mugitzen dituztela. Ondorioz, fetuarekin komunikatzeko musika aparailu berria asmatu dute: Babypoda, hanka-artean sartzen den walkmana! To eta No!
Ikusten duzuen bezala, ikertzaile hauek nahikoa ikerketa xelebreak egin dituzte zientziaren munduan, baina hala ere oraindik ez dituzte lanetik bota (horrela uste dut behintzat). Beraz, konturatzen bazara barregarri gera zaitezkeen egoera batean zaudela edo dagoeneko barregarri geratu zarela, onartu ezazu hasieratik. Zientzialari hauek egin badute, zuk ere egin dezakezu. Izan ere, norbere buruari barre egitea erremedio eraginkor eta osasuntsuena da!