Gaur egun 30 bazkidek osatzen dute TOKIKOM, guztira 78 hedabide kudeatzen dituztenak: 34 webgune, 30 aldizkari, 9 irrati eta 5 telebista. Batzuk aipatzearren: Aiurri (Andoain-Urnieta-Beterri-Aiztondo), Txintxarri (Lasarte-Oria), Kronika (Urumealdea), 28 kanala (Tolosaldeko telebista), GITB (Goierriko telebista), Goiena (Debagoiena), Uztarria (Azpeitia), Anboto (Durango), Guaixe (Sakana), Alea (Araba) Euskalerria Irratia (Nafarroa) edota UKT (Urola Erdi eta Urola Kosta eskualdeetako hedabideak).
Idoia Torregarai:
"Apustu honek ahalegin handia eskatu digu eta inbertsio majoa"
Interneten, TOKIKOMeko gainerako hedabideen teknologia berbera baliatzen dugu. CodeSyntax enpresak garatutako web plataforma erabiltzen dugu denok eta noaua.eus agerkari digitala puntakoa eta profesionala da.
Papereko bertsioan ordea, atzean geratzeko arriskuan geunden. TOKIKOMek garatutako edizio sistema bateratua 2018an abiatu zen. NOAUAk ordea, ez zuen saltoa eman orduko hartan eta urratsa eman beharra zegoen. Bai ala bai. Martxotik hona, aztoratuta ibili da erredakzio taldea. Edizio sistemaren inplementazioa bukatuta, NOAUAk aste honetan eman du lehen pausoa. Eta ez nolanahikoa. Maketazio berri batekin jaso duzue aldizkaria. Irakurleok orriz orri sumatuko dituzue aldaketak.
Idoia Torregarai:
"Lana modu egokiagoan eta profesionalagoan egiteko aukera emango digu"
Apustu honek ahalegin handia eskatu digu, eta inbertsio majo bat. Eta oraindik ere ahalegin gehiago eskatuko digu hurrengo asteotan, batez ere lan egiteko modua erabat aldatu zaielako gure kazetariei. Onerako izango dela seguru nago, lana modu egokiagoan eta profesionalagoan egiteko aukera emango dielako.
TOKIKOMek bezala, NOAUAk ere inbertsio handia egin du proiektu honekin, toki komunikabideen lehiakortasunean jauzi kualitatiboa ekarriko duelako. Eta gure moduko euskarazko hedabideen pare jarriko gaituelako. Zentzu horretan, Alaitz Artolazabal TOKIKOMeko zuzendariaren hitzak nire egiten ditut: “Beste edozein industriatan bezala, toki komunikabideen esparruan ere funtsezkoa da berrikuntza, antolakuntzan zein teknologian, eta proiektu honek alderdi biak uztartzen ditu. Zentzu horretan, eskertzekoa da erakunde publikoek -eta bereziki Gipuzkoako Foru Aldundiak- kultur eta sormen industrian ere berrikuntza sustatzeko laguntzak martxan jarri izana”.
Instituzioen babesa ez da nahikoa izango. Usurbildarrok ere gure ahalegintxoa egiten segi beharko dugu. Bazkide ez bazara, orain duzu aukera!
Idoia Torregarai, NOAUA! Kultur Elkarteko lehendakaria