Zein hurbil eta hain urrun

Erabiltzailearen aurpegia Itxaso Orbegozo Borda 2019ko eka. 18a, 16:50

Igandeko maskaradak liluratuta nauka oraindik. Telebistan ikusi izan dut maskarada eta pastoralen bat, zatitxo bat baino ez bada ere. Zuzenean ikustea ederra izan zen, berezia bai behintzat. Zuberoara egin genuen berehala, Gipuzkoan, baina aldi berean Zuberoan egongo bagina bezala. 

Zuberoa beti imaginatu izan dut leku euskaldun eta zoragarri modura. Beti izan dut zerbait berezia Ipar Euskal Herriarekin, eta batez ere, Zuberoarekin. Mendi inguruan herri txikiz osatutako euskal probintzia, Macron jauna eta bere gobernuko kideek ahaztuta utzi duten euskaldunen lurraldea. Duela hilabete izan nintzen Zuberoan, Maulen hain justu. Hiriburua izanagatik, oso txikia da. Ez nuke onartu nahi huts egin zidanik, baina Frantziako edozein herri txikiren tankera hartu nion. Eguerdia eta inor ez kalean, hila, abandonatua zirudien. Hori bai, imaginatzen nuen bezain polita da. Harri grisez eginiko etxeak, arkitektura frantses kutsu horrekin, baina bestelakoa oso.  Postal batean aurki genezakeen Zuberoa horrekin egin nuen topo, Euskal Herriko tokirik politenetako bat nire ustez. Pena handia izan nuen ordea, inor ere euskaraz hitz egiten ez bainuen entzun. Ezta bat bera ere. Zuberoak beti erakarri izan nau bere euskalkiagatik. Mendi artean galduta dagoen lurraldea izanik, ondo gordea duten altxor modura ulertzen nuen zuberera. Frantsesak oraindik gehiago aldatu gabeko hizkuntzatzat nuen, Macron eta estatu frantsesaren ideologia zentrista horren eskuetan oraindik erori gabea.  Zuberera entzuteko aukerarik izan gabe itzuli behar izan nuen etxera, pena galanta.

Igandeko aukera ezin nuen galdu Zuberoa euskalduna ezagutzeko.  Arratsaldeko ekitaldira joan nintzen zuzenean, telebistan behin edo behin ikusitako maskarada hori zer den irudikatu asmoz. Janzkerak harritu ninduen lehenengo. Pertsonaia bakoitzaren atzean dagoen sinbologia ulertu nahian aritu  nintzen. Ez nintzen ondorio jakin batera heldu, ordea. Aurpegia estalita gorriz jantzita zebiltzan gaztetxoak borrero edo urkatzaileak izan zitezkeela pentsatu nuen, baina ezer antzeztu ez zutenez duda horrekin geratu nintzen. Baten bati entzun nion mamuak ote ziren.  Gehien harritu ninduen hurrengo kontua euskalkiarena izan zen: ez nuen tutik ere ulertzen hasieran. Horren gutxi ulertzen nuen ezen ondoan neukanari galdetu behar izan bainion: “Euskaraz ari al dira?”, eta ondokoak: “Bai, Zuberoako euskalkian, edo hori uste dut behintzat”. Oso euskalki polita denik ezin uka, baina ulertzeko a zer nolako komeriak. Grabatu nituen bideoak birritan ikusi eta entzun behar izan ditut esaldiak osorik ulertu ahal izateko. Euskalkia horren da polita, baina horren urruna aldi berean... Gure euskalkiak gaztelerarekiko eragin nabarmena izan duela garbi dago, haiena, ordea, puruagoa iruditu zitzaidan frantsesak horrenbesteko eragina izan ez ote duen edo. Azentu aldetik bai, argi dago eragina, baina gainontzean oso zaharra iruditu zitzaidan, oso berezia.

152 kilometrok bereizten gaituzte bere hiriburutik, Bilbotik baino 40 kilometro gehiagok besterik ez.  Zergatik ez daukagu horren harreman estua zuberotarrekin? Historiak batu gintuen lurraldea geroz eta urrunago dugu, eta lur eremuek lehengo leku berean jarraitzen dute. Frantziako estatuak ederki jakin du urte luzeetan propaganda estatu zentrista hori zabaltzen. Ia 150 urtean iparraldeko euskalkiak desagerraraztea lortu eta Euskal Herriko hiru probintziak frantses izateaz harro sentiaraztea ere lortu du. Eskerrak oraindik herri mugimenduak badiren euskaldun izaera ez galtzeko.

Maskaradak Ipar Euskal Herriarekiko daukadan ikuspuntu ezkor hori zertxobait aldarazi dit. Oraindik Ipar eta Hegoaren arteko harremanek bizirik dirautela erakutsi dit, eta hala izango den esperantza berpiztu dit. Gisa honetako ekimen gehiago sortu behar ditugu herrien arteko harremanak indartzeko eta berriz ere, herri bateratu sendo bat sortzeko. Oraindik ere lotzen gaituzten iraganeko elementu horiek hemen jarraitzen dute. Ea denbora gutxian urruntasuna gertutasun bilakatzen dugun.