Atzo bertan jaso nuen ikasle ohi baten mezua, aurten ere atzera euskaltegira itzultzekoa zela eta klaseak hasteko gogoz zegoela. Euskaraz ezertxo ere ez zekiela iritsi zen joan zen urrian, eta A0 maila deritzogun maila zehaztu genion. Bederatzi hilabetez aritu ginen gramatikaren oinarriak ezartzen eta ulermena lantzen, modu pasiboan bada ere euskararen mundu txiki-handi honetan murgil zedin. Klasera etortzea ezinezkoa zuenean mezuren bat bidali ohi zidan: “Hoy no voy a poder asistir a clase”. Erdara hutsean, jakina. Kontu txikiak ikasi zituen joan zen urtean; bere burua aurkezten, zenbakiak, barazki eta frutak, ordua, animaliak... Gutxinaka hasi ginen, eta kurtso amaierako azterketa gainditzea lortu zuen. Aste honetan jaso dudan mezuak izugarri harritu nau, euskara hutsean idatzi dit, eta zazpi lerroko mezua da. Euskara nahiko traketsean, baina euskaraz. Eta ulertzeko moduan gainera. Esaldi bakar bat euskaraz egiteko gai ez zenak urte bakar batean lortu du mezu ulergarri bat sortzea. Ez dut azterketa baten emaitzarik behar zenbat ikasi duen jakiteko.
Hizkuntzak maite ditugunok ondo baino hobeto dakigu azterketek zer-nolako presioa sortzen duten ikasleengan. Frantsesa ikasten nabil orain, eta atzo bertan egin nuen B2 mailako azterketa. Ahozkorako nengoen prestatuen, baina gai konplexua tokatu eta gaizkien hori egin nuen. Nire ikasleei ere halakoak gertatzen zaizkie. Joan zen urtean C1eko azterketa egin zuten nire bi ikaslek. Batek gaindituko zuela ziurtzat jotzen nuen, eta bestea hortxe-hortxe ibiliko zela uste nuen. Gauzak nola diren, gainditzea segurutzat zuenari tipexa lehertu zitzaion eta, horrek eragindako urduritasunak idatzizkoa gaizki egitera bultzatu zuen. Hark ez zuen gainditu, bai, ordea, justuago zebilen ikasleak. Azterketek horixe dute; inoiz ez da jakiten zer gerta daitekeen. Hala ere, azterketek pertsona baten komunikazio gaitasunak neurtzen dituzten antzinako ideia hori erabat zaharkituta dagoela uste dut. Gezurra dirudi atzo bertan ni ere ikasle paperean azterketa batean egon izana. Hizkuntzak gustoko ditugunok ere, atzerrira joan behar dugunean, gainontzekoei zenbat dakigun hitzez erakutsi baino, zigiludun paper bat erakustea tokatzen zaigu zenbaitetan.
Euskara, edo dena delako hizkuntza, ikasi nahian ari den ikaslea motibatzea da gure lana, ez paper bat lortzen laguntzea. Batzuentzat ezinbestekoa da maila jakin bateko diploma lortzea, lan kontuak direla eta ez direla. Horiei ere hizkuntza bat maitatzen irakatsi behar diegu, ez azterketa bat egiten. Horixe da irakasleoi gehien kostatzen zaiguna, diplomakeria hori atzean uzten erakustea. Onartu behar dut nire ikasle gehienak plazeragatik hasi zirela euskara ikasten, edo familiako kide berriak euskaldunak izatea nahi dutelako. Amatxo eta aitatxo asko dago euskaltegietan, etxeko hizkuntza ohiturak aldatzeko prest. Aitona-amonarik ere bada, biloben ama hizkuntza euskara izanda, haiekin komunikatzeko beharra sortu zaion adineko jendea. Horrelako ikasleak ditut gustuko, hizkuntza ohiturak aldatzeko prest dauden ikasle horiek. Ikasle kamaleoiak dira, inguru eta momentu jakinetara egokitzeko prest; bai eta inguru eta momentu horiek aldatzeko prest dauden ikasleak ere.