Zenbait egunetan, bostetarako ilundu egingo digu. Zenbat gauza uzten ditugun egiteke argirik ez dagoenean. Manta lodi bat armairutik atera eta pelikulak ikusteko egunak iritsi dira zenbaitentzat, hurrengo uda bitarte. Txokolate beroa eta manta lodia, hori bikotea negu hotz eta ilunari aurre egiteko. Etxerako planak egiten ditugu beti, gurean edo gure lagunenean, baina barruan; beti barruan. Zenbait diziplina praktikatzen dituztenentzat deskantsurako unea izango da negua, besteak beste, kirolarientzat. Modu positiboan hartu beharko dugu ilunarena, eta etxean sartuta egon baino, kanpora ateratzeko aitzakiak aurkitu beharko ditugu. Espero dezagun behintzat, azken aldiz izango dela.
Argazkilaritza maite dugunontzat egokitu edo hil, ez dago besterik. Argiarekin jokatu behar izaten dugu argazki onak ateratzeko; argi-ilunen arteko oreka aurkitu edo itzalekin jolastu. Nola ateratzen dira argazkiak, ordea, argirik ez dagoenean? Gaueko argazkilaritzara egokitu behar. Denden eta farolen argiak aprobetxatu beharko ditugu, eta sormen lanak egin. Zerbaiten falta izateak hori indartzen du horren justu: sorkuntza.
Udako ilunabarretan korrika egitera ateratzen direnek eta hondartzako ibilalditxoekin gozatzen dutenek goizago egin beharko dituzte lan horiek. Ilun dagoenean kalean kirola egiten askoz jende gutxiago ikusten da. Arriskutsu bilaka daiteke zenbaitetan, bizikletan ibili edo korrika egitera ateratzen direnentzat. Gustura izango dira gimnasioen maitale sutsu horiek, euren bikoitza pisatzen duen burdinazko barrak lepoan hartu eta gora eta behera. Gimnasioko epelean egingo dute negua. Kalean kirola egiten duten horiek ere gisa horretara moldatu beharko dute, edo ilun eta hotzarekin eguneroko errutinan jarraitu.
Euria ere erruz egingo du ekaina bitarte, azken egunotan bezala. Armairutik atera berri ditut katiuskak, eta ez dut uste atzera itzuliko direnik denbora luze batean. Plastiko puska horiek hanketan jarrita busti ez gara egingo, baina izoztu bai behintzat. Gezurra badirudi ere, duela hilabete sandalietan genbiltzan eguzkiaren bero epelean. Hori dute egun hauek, batean sandaliekin izerditan eta hurrena bota lodiekin hotzez hiltzen. Ezin armairu aldaketa fundamentuz egin.
Espero dudan bakarra neguko azken ordu aldaketa izatea da. Goizean esnatzerako eguzkia aspaldi aterata egoteak ez du ezertarako balio biztanleriaren gehiengoak aprobetxatzerik izango ez badu. Lanean sartuta egoteko ez dugu eguzkiaren beharrik. Esnatu ahal izateko hiru kafeak hartzerako eguerdia egiten zaigu eta... Arratsaldeko animaliak gara gizakiok, egunez bizi behar dugu, nahikoa argirekin.