Usurbilen aurreko astean jarri zituzten gabonetako argiak eta egun berezi hauetarako denetariko apaingarriak dela Olentzero, dela Hurbilagoren txokoan jarritako etxetxoak. Donostian, ordea, hilabete bada gutxienez hiria argiz beteta dagoela. Bi aste seinalatuak iristerako erabat aspertuta gauzkate. Estatu Batuetan gabonak ospatzen gu baino askoz ere lehenago hasten dira, ia hilaren hasierarekin Thanks Giving delakoarekin eta. Kasu horretan zentzuzkoagoa iruditzen zait kaleak eta dendak lehenago janzten hastea, baina gurean ez du inolako zentzurik. Indioilar handi horiek labean egitea baino ez zaigu falta, eta edateko pontxe beroa edalontzi gorrian. Estatu Batuei men egiten horrenbesteko lanak hartzen ditugu, ezen urte gutxitan Olentzero eta Maridomingiz gain, Santa Klaus agertzea ere ez ninduke harrituko.
Gure-gureak ditugun jaiak baditugu egun hauetan, San Tomas esaterako. Usurbilen igandean ospatu zen, baina egun ofiziala larunbatekoa da. Donostiako kaleak jendez betetzen dira egun horretan, tabernaz betetako kaleetan aurrera zein atzera egin ezinean ibili behar izaten dugu. Bataz besteko bat esatea zaila bada ere, taloa eta sagardoa eskuan hartuta, kaleetan ibiltzen direnen erdiek ere ez dute baserritar jantzirik eramaten soinean. Asko jota txapela eta blusa. Erabat “euskaldunak” asko eta asko, bertako garai bateko jantziak janzteak lotsa ematen dietenak. Hori bai, Halloweenen gezurrezko letaginak jarri eta aurpegia beldurrezko pertsoneiez margotuta eramateak inolako lotsarik ez die ematen. Laster Thanks Giving horrekin hasi baietz! Hemengo ohiturak jarraitzea lotsagarritzat duen gizarteari, zer eskatu dakioke, bada?
Urte zahar gauean, nola ez, distira faltarik ez duen jantziren bat eramango dute edo traje hortera horietakoren bat, astebete lehenago erosia. Zenbait gehiago mozorrotzen da egun horretan inauterietan baino. Ustez oso elegante eta eder jarri ostean, 60-100 euro ordainduko dituzte diskotekaren batean izerdi patsetan eta kabitu ezinean egoteko. Batzuen inozokeriak ez du amaierarik.
Nik aukeran gure ohiturak nahiago: Halloweenen ordez, Arimen Gaua, San Tomasak garai bateko baserritar jantziekin eta urte zahar gaua herriko frontoian azken urteetan jantzi dudan arropa berdinarekin. Turroia probatu ere ez dut egiten Gabon Gauera arte, eta polboroi eta bonboiez zer esanik ez. Defenda dezagun gurea orain arte gure etxeetan egin den moduan egiten jarraitzeko, eta ez itsasoz bestalde dauden horien menpeko izateko.