Lehen aldiz maiatzean animatu nintzen odola ematera, eskolan urtean pare bat aldiz antolatzen duten odol emate horietako batera. Lehenago ere gure eskolan izanak ziren behin edo bitan, baina ingurukorik ez zen animatu eta nik planteatu ere ez nuen egin. Betikoa. Klaseko lagun batek esan zidan odol emailea zela, eta asmoa zuela maiatzeko deialdian parte hartzeko. Tira, ordurako nik ere behin baino gehiagotan pentsatu izan nuen odola ematea, baina gazteagoa nintzela, 15 bat urterekin edo. Orduan, ordea, gazteegia nintzen horretarako. Unibertsitatean ere, kamioi bat egon ohi zen sarritan kanpusaren kanpoaldean odola eman nahi zutenek hala egin zezaten. Behin edo behin ikusi izan nuen jendea bertara sartzen, baina nire ingurukoek inoiz ez zuten odola emateko asmorik erakutsi eta, orduko aukerari ere muzin egin nion.
Aukera polita zela iruditu zitzaidan maiatzeko odol emate hori; behintzat probatzeko. Han hurbildu nintzen laguna hartuta horrenbeste ordu irakaslearen sermoiak entzuten pasatutako gela batera. Oso bestelako itxura zuen egun hartan; mahaiak eta aulkiak alde batean pilatuta zeuden, eta haien lekuan 10 bat ohatila elkarri begira. Sartu eta berehala hurbildu zitzaigun erizaina, datuak hartzeko asmoz. Nire laguna berehala pasatu zen medikuarengana, odola emateko prest zegoen jakiteko. Niri betiko galderak egin zizkidan sarrerako neskak: adina, odol taldea, gaixotasun garrantzitsurik badudan familian... Behin oinarrizko datu horiekin, eta odola emateko gutxiengo baldintzak beteta, medikuarengana joateko esan zidaten. Aldiro egin beharreko prozedura da medikuarena; galdera erraz batzuk lehenik: dentistarenean izan zara azken aste hauetan?, sendagaririk hartzen ari zara?, atzerrian izan zara azken hilabeteetan?... arriskuan egon zaren jakiteko egiten dituzte gisa horretako 10 bat galdera. Behin ezerekin kutsatzeko arriskurik izan ez nuela ziurtatuta, anemiaren froga txikia egin zidaten. Ziztada txiki bat hartz erakuslean, eta odol horren analisi azkarra.
Behin prozeduraren zatirik errazena pasatuta, asko gehien beldurtzen duten momentua iritsi zen; ziztada hilgarriaren garaia. Ohatilarako bidea erakutsi zidan erizainak, eta odola ateratzeko besoa aukeratzeko plazera eskaini. Nahiko beldur banuen, besoko indarra galduko ote nuen edo. Bietako bat anputatzeko momentua iritsita, nik aukeran eskuina nahigo, ezkerra bainaiz. Zaina aurkitzeko ez zuten inolako arazorik izan, urrutitik ikusten den zain berde lodi horietako bat baitaukat. Ziztada bera ia sentitu ere ez nuen egin, arkatzarekin umetan nahigabe ziztada gogorragoak egin izan dizkiot neure buruari. Ziztada behar bezala egin ostean, “eskua ireki, eskua itxi, eskua ireki, eskua itxi”, horrelaxe eman nituen 10 bat minutu. Nahiko odol emaile geldoa naiz orokorrean. Dena ongi, ia litro erdiko poltsa beteta. Erdi etzanda lasai lasai alboko odol emailearekin hizketan egon nintzen gero, ezkerreko eskuarekin presioa egiten nuen bitartean ziztadaren lekuan, ahalik eta azkarren ixteko. Bost bat minutuan eserita jarri ninduten, ia amaituta zegoen prozesua, eta segituan klasera itzultzeko prest egongo nintzen. Ez zen hala izan, ordea. Eseri eta berehala, nire kolorezko mundua zuri-beltz bilakatzen hasi zen, orbain grisak tarteko. Buruz gora jarri ninduten berehala lau erizainen artean, eta haietako batek haizea ematen zidan. Segituan itzuli zen betiko kolorezko mundua nire begi aurrera. Aurpegia zuri-zuri nuela, bi fruitu lehor pakete jan nituen ia litro erdi kokakolarekin batera. Nire onera segituan itzuli nintzen, eta orduerdirako klasera itzultzen utzi zidaten. Irakasle eta ikasle guztiek zuten ordurako nire eguneko show-aren berri. Oso kolore ona nuela esan zidaten, atzeman ere ez zela egiten. Bi ordu beranduago aitortu zidaten apunteak har–tzeko papera baino zuriago nengoela. Behin horrelako bizipenak izanda, berriz nola ez nuen bada errepikatuko?
Azaroan eman nuen odola bigarren aldiz, eskolan orduan ere. Nerbioak dantzan joan nintzen orduan, ez beldurragatik, berriz hankaz gora ibiltzeko kezkagatik baino. Ordurako ongi ikasia neukan esne kikara bat gosalduta joateak ez dela ongi gosalduta joatea, eta sabela ongi beteta etzan nintzen ohatilan. Ezinhobe joan zen prozedura, erizainak bota zidan bronka kenduta: ezin omen nintzen zorabiatzeko beldurrez joan, alajaina. Zorionez, ez nintzen zorabiatu ere egin! Aurreko aldian bezala, ordea, tirita kentzen sentitu nuen minik handiena. Hori bai, depilatzeko lanak ederki aurreratu nituen. Hori bai dela mina, eta ez ziztada. Nire sorpresarako, aurreko aldian ez bezala izugarrizko ubeldua atera zitzaidan hurrengo egunean, hantura eder batek lagunduta. Hilabetez gimnasioko yonkia izan nintzen. Morea izan zen aurrena, berdea gero, eta horia azkenik. Barregarri geratzeko ohitura eta erraztasuna dudala azpimarratzea ia sobera dago ulertuko duzuen bezala.
Uztailean Usurbilen emango dut odola lehen aldiz. Nik uste Andoainek dakarkidala zorte txarra, ez nire berezko baldarkeriak. Ea behingoz odola ematean izaten dudan aferarik handiena tirita kentzea baino ez den!