Martxoaren 8ko grebaren gainean aritzeko, nire lehen elkarrizketa egin nion antolatzaile taldeari. Urduritasunari aurre egin, eta ordutik hainbat izan dira pertsonan zein telefonoz elkarrizketatu ditudanak. Batzuk sarriegitan ere bai; bake ederra sentituko dute aurrerantzean. Badirudi betirako agur bat idazten ari naizela, baina Sagardo Egunerako itzuliko naiz. Zorionez edo zoritxarrez, hiru hilabeteko denbora hartuko dut. Hiru hilabete eskas baino ez diren arren, askori luze eta beste hainbati labur egingo zaizkio.
Bat ez da konturatzen zein zaila den hiru hilabeterako arropa eta beharrezko guztia maleta bat edo biren barruan sartzea, are gehiago, negua izaki. Lehenik eta behin eraman nahiko nituzkeen gauzen zerrenda egin nuen: 15 beroki, 13 jertse, 9 kamixeta, 12 galtza pare, 15 zapatila... Behin zerrenda egiten hasita konturatu nintzen zenbat arropa daukadan, eta zenbat daukadan gogoratu ere ez naizen egiten. Aipatutako arropak ez dira etxean dauzkadanaren erdia ere, hori da okerrena. Behin aukeraketa egiten hasita, praktikotasunari heldu behar. Zertarako behar ditut 5 zapatila pare? Etxean horretaz ez konturatzea ere... Aukeraketa eginda eta maleta ixten zela jabetuta, Youtubeko bideoak ikusi nituen, ea antolaketa aldetik modurik onenean egin nuen ikusteko. Mila modutara probatu ostean, magiaz edo armairu osoa eraman ote nezakeen probatu eta gero, amore eman nuen eta hasieran prestatutakoarekin konformatu behar izan dut. Oraindik ere posible da beste buelta pare bat gehiago ematea; zer egingo diogu bada. Bururatu ere ez zait egin kuadroak eta antzekoak eramaterik, bestela bi maleta baino 8 beharko nituzke-eta.
Behin arropa prestatzearen trantze gogorra pasata, Bruselari buruzko informazioa aurkitzea baino ez zait geratzen. Birritan izana naiz Belgikako hiriburuan, baina Manneken Pisez gain, ez nuke gainontzekorik mapan gutxi gorabehera ere kokatuko. Tren estaziora iristen naizenean ez dut jakingo norantz jo ere. Metroaren planoa eta hiriko mapa aurkitu ditut Interneten; orientazio arras traketsa daukat eta horrekin ere ez naiz moldatuko, baina tira, nonbaitetik hasi behar. Etxera iristen asmatzen badut ilundu aurretik asebeteta sentituko naiz.
Ezin erakargarriagoa zait Belgika. Europaren bihotz bihotzean kokatutako herrialde txikiaren paisaiak Euskal Herrikoa gogorarazten dit neurri handi batean. Euri ugari egiten du neguan eta udaberrian, eta oso berdea da lurraldea. Eraikinek bestelako itxura dute oso, baina ezin politagoak dira teilatu punta zorrotz eta fatxada koloretsu horiekin. Hizkuntza ikuspuntutik ere oso aberatsa da, frantsesa eta nederlandera, biak dira hizkuntza ofizialak. Nire kasuan frantsesarekin moldatuko naiz hala hitz egiten dutenekin, eta iparraldean nederlanderaz hitz egiten dutenekin ingelesez. Ezinhobe datorkit herrialdean bi hizkuntza ofizial egote hori, eta lurraldearen banaketa horrek egunero erabiltzeko aukerarik ez ditudan bi hizkuntza horiek praktikatzeko abagune paregabea eskaintzen dit. Zer esanik ez Europaren erdi aldean egoteak bidaiatzeko dituen abantailak.
Gogo bereziz hastear dudan abentura honek zer dakarren ikusteko momentua heltzear da, eta gogoeta sakonagoren bat egingo dizuet itzuleran. Ea esperotako paisaia eder horrekin eta kultura ezin interesgarriagoarekin egiten dudan topo. Bitartean, Bruselan zenbaitek esango lukeen bezala à bientôt!