Etorkizunari

Erabiltzailearen aurpegia Itxaso Orbegozo Borda 2019ko eka. 12a, 07:06

Urteko egunik luzeena iragan dugu ohartzerako. Eta egiaz, ez dakit nola heldu garen udaren atarira. Pixkanaka, gorputzak ere nabaritu du argitasunaren ugaritasuna. Etxe ondoko marrubi landare berriak ere, gorriz pizten hasi dira pixkanaka. Iaz zakartutako errukularen haziak, lurretik elikatzen. Tomate txerri bakanak ureztatu eta sokaz lotzen. Etxean sartutako lehen kala bulboek ere, lurra zulatu dute gorantza nagusituz. Eta dagoeneko loratuko ez zirenaren ideia, bete-betean lehertu dute lore zurien edertasunaz.

Oroitzen dut behin, haurra nintzela, plazan lore koxkor laranja eta horiak banatzen aritu zirela. Garai hartan, lehen aldiz sentitu nuen, nire kasa landare bat zaintzearen magia zer nolakoa zen. Egunero joaten nintzaion bisitan, orduen artean jazotako aldaketak miatzera. Erritual moduko bat bilakatu zela esango nuke. Eta baserrian bizi izanagatik, soilik nirea zen partzela bat topatu nuelako izan zela esango nuke. Ordutik, nire barruko haurra, ia egunero darabil atzera eta aurrera ereindako ororen milimetro apur bakoitza errebisatzen.

Nire partzela topatzearen gaiari dagokionez, oraindik horretan nabilela esango nuke. Bizitzan, orokorrean. Izan ere, hirugarren belaunaldiko ustezko baserri(tar/dun)aren txapeletik, nire txokoa egiteko lehen urrats baldarrak ematen hasi besterik ez naizela egin sentitzen dut.

Bitxia dirudien arren, etxetik joan eta baratzean aritzeko oso mugatua zegoen etxe batera bizitzera joan nintzenean ekin nion gaiarekiko gerturatzeari. Gela zuria bizitzeko Poto landarearen berdearengana jotzean. Etxearen hormaren kontra, zirrikituetan, piper landareak sartzen hastean. Loreontzietan letxugak eta abarrak hazten ikustean. Nire buruari galdetuz, benetan zerk aldentzen ote ninduen, koskortzen ikusi nauen lurra ereitearengandik.

Atzera begiratzen hasi eta pentsatzen hasi naiz, ea zer nola oroitzen nuen garai bateko baserria, txikia nintzeneko begiradatik. Nola bizi izan nituen orduko San Joan gauak adibidez. Iluntasuna etortzen zait nagusiki. Argitasuna ospatuagatik, arratsaldeko argia irensten duen gauaren ilun ederra. Amonaren amantal urdin laukidunaren eta eskuen testura, bizipen eta lanez akituak. Sasi eta adar zakarretan zakarrenen pila handi bat belardia zanpatzen. Eta urduritasun eta inurridura moduko bat, sabelaldean. Aro berri baten etorrerak sortzen duten gisakoa.

Eta aurten ere sentitu dut, aldaketak beharrezkoak direla. Aldaketa beharrean gaudela. Eta hemendik urte batzuetara, mundu aldrebes hau aldatzen lagundu dutenak, gu geu izan garela esan nahiko nioke etorkizunari.