Unibertsitatean, Publizitate eta Harreman Publikoetako graduko azken urtean nago eta lehen mailakoei prentsaurreko bat egin behar izan genien aurreko astean. Taldeka jarri eta guk nahi genuen gaia aukeratzen uzteaz gain, asmatutako elkarte bat sortu behar izan genuen prentsaurreko hori prestatzeko. Pil-pilean dagoen gaia, Coronavirusaz gain, Zaldibarko zabortegiarekin gertatzen ari dena da. Baina, gure irakaslea ari da gai horretan buru belarri, beraz, gai horretan jardutea zaila izango genuela pentsatu eta erraustegiaren gaira jo genuen, martxan jarri berri duten erraustegira.
Ni usurbildarra izanda, gai nahiko “erraza” izango zela iruditu zitzaigun eta buruari bueltak ematen hasi ginen. Informazioa biltzen hasi, ideia batzuk paper zurian jartzen hasi eta gure elkartearen izena sortu genuen: LARREGI. Gure ideia, erraustegiaren aurkako beste elkarte bat sortzea izan zen hasiera batean; Udarregi Ikastolako irakasle, ikasle eta ikasle ohiek osatua. Hortik izena, ia Udarregi irakurtzeko aukera dagoen hitza. Aurrealdeko u eta d hizkiak kendu eta l hizkia jarrita pentsatu genuen ondo geratuko litzatekeela lehen aipaturiko hitza. Larregi, gehiegi.
Zergatik ikastola sartu hemen? Azken finean, bertan dauden umeak izango dira etorkizunean arazoa gehien jasango duten pertsonak, txiki txikitatik hau guztia bizitzen ari direnak. Beraz, beraiek ere borroka horretan parte hartzeko aukera zuzena izan dezaten sortu nahi izan genuen elkarte hau.
Kontua da, ez genuela ezer ondo finkatu, ez genekien ondo nondik nora jo, zer egin… orduan, gure ikaskide batek eman zigun ideia, gure lana burutzeko “txitxa” gehiago emango ligukeela esanez. Erraustegiaren aldeko elkartea sortzea. Orduan mutu geratu nintzen, ez nekien zer esan, ez nola erreakzionatu berak emandako ideia horri. Gainera, nire taldekideak zuzenean niri begira jarri ziren, ea zer erantzuten nuen jakiteko, baina, nire burua oraindik ideia hori asimilatu nahian zegoen.
Taldean lau neska ginen eta gainontzeko hiruei ideia gustatu zitzaien, beraz, ni ideiaren aurka egon ala ez, horrekin aurrera egin beharko genuela iruditu zitzaidan. “Shock” momentu horri buelta eman eta taldean hitz egin genuen. Eurek esaten zidaten, konbentzitu nahian edo, egia zela aldeko elkarte bat sortuko bagenu gero prentsaurrekoa egiterakoan galdera gehiago egongo liratekeela eta jendea gehiago haserretuko litzatekeela. Hala ere, ni ez nengoen seguru egitera gindoazenaz. Nik pentsatzen dudanaren guztiz aurkakoa egitera gindoazen, erraustegiaren aldeko elkarte bat.
Oraindik, “aldeko” hitza idazten dudanean kosta egiten zait ea benetan hori idazten ari naizen sinestea, eta begietan min ematen dit.
Hala ere, azkenean aurrera egin genuen gure elkarteari HAUSPOTU izena jarri eta bere logoan hosto berde bat agertzen zelarik. Diskurtsoan, elkarteak egingo zituen ekintza ezberdinen berri eman genuen. Gainera, prentsaurreko horretan hitz egiten zuenetako bat ni izan nintzen, zoriz aukeratu genituen hizlariak eta horietako bat izan nintzen.
Diskurtsoan, aurpegi ona jartzeko esfortzu handia egin behar izan nuen, ni benetan aurka nagoen gai bati buruzko bestelako iritzia eman behar bainuen. Oraindik sinistu ezinik nago ea nola lortu nuen pentsatzen, beti esaten baitidate nire aurpegiarekin pentsatzen dudan guztia espresatzeko gai naizela.
Egia da dena ondo atera zela eta egindako lanaren gaia nahiz eta ez gustatu, gustura geratu ginela dena bukatu zenean. Baina, zein zaila den gustatzen ez zaizun hori egitea.