Nik, egunero Leioara joaten jarraitu beharko nuke, bidalitako lanak egin eta horrez gain GRALa (Gradu Amaierako Lana). Gurean, praktikak egitea ez da derrigorrezkoa, eta eginda ere, arlo bakarra kentzen duzu gainetik. Nire ikaskide batzuk, orain ari ziren praktiketan, horrekin arlo bat kendu ahal izateko, eta orain, ez dakite zer pasako den horrekin.
Orain, irakasle eta ikasle guztiok geure etxeetatik ari gara lanean, eta horrela jarraitu beharko dugu kurtso amaierara arte. Hasieran, klaseak online jasotze horrek apur bat beldurtzen gintuen; zerbait berria zen, ez genekien nola funtzionatuko zuen.
Baina, egia esan, nahiz eta arraroa izan, nahiko ondo ari gara moldatzen eta nahiko ondo funtzionatzen duela esango genuke. Irakasleek klase presentzialetan bezala, eurek prestaturiko power pointak igotzen dituzte gela birtualera eta azaldu beharrekoa azaltzen dute. Ez da erraza arreta mantentzea, eta irakasleentzako ere ez da erraza pantaila bati begira hitz egiten egotea. Denok ari gara esfortzua egiten.
Bestalde, konfinatuta egoteak eta klase presentzialetara joan behar ez izateak, lan gehiago bidaltzeko gogoa sartu die irakasleei, edo hori da gure pertzepzioa behintzat. Lehen aipatu moduan, unibertsitateko lanez gain, GRALa ere hor dugu, eta nahiz eta ematen duen denerako denbora daukagula, ez da horrela. Iruditzen zaigu, ez dutela ulertzen saturatuta gabiltzala.
Ezin ditugu azterketak aipatu gabe utzi. Oraindik inork ez daki ezer seguru, baina, fakultate bakoitzak eta irakasle bakoitzak bere moduan egingo du, seguruenik. Batzuk, azterketa kendu eta lanekin ebaluatuko dute, besteek azterketak modu birtualean test bidez, besteek agian ahozko azterketa… Hori dena oraindik ikusteke dago, baina ikasle guztioi (azterketak eduki beharko genituzkeenoi) arduratzen digun gaia da.
Nire bi lagunen egoera ezberdina da. Maddik Deustuko Unibertsitatean ikasten du eta orain derrigorrezko praktikak egiten egon behar luke. Otsaila erdialdean hasi zen Donostiako kasinoan. Hilabete ere ez zebilen praktiketan eta, oraingoz, suspenditutzat eman dizkie. Esaten du, orain denbora gehiago duela GRALa egiteko, kasinora joan behar ez duelako. Baina, pena ematen dio praktikak suspenditu izanak. Izan ere, berarentzako, praktikak gradu bateko faktore garrantzitsuenetariko bat dira, bertan ikasten baituzu gehien. Orain, praktiken ordez lan bat egin beharko dutela esan die, baina bere esanetan, lan batek ezin ditu praktika batzuk ordezkatu.
Garazi, aldiz, azarotik New Yorken zegoen unibertsitateko ikerketa proiektuan. Bere GRALa, ezberdina da; hango unibertsitatera joan behar zuen ikerketan lan egitera, horrekin Gradu Amaierako Lana burutzeko. Hasieran, han geratu eta etxetik egin zezakeena egiten zuen, baina hau luzerako zihoala ikusita, Mondragon Unibertsitateak hona itzultzeko gomendioa egin zion. Uztaila hasieran itzuli beharko luke, baina orain martxotik hemen dagoela, proiektua aldatu diotenez denbora laburragoan egin beharko du. Bere esperientzia profesionala zein pertsonala guztiz kendu diotela sentitzen du.