Egia da irakasleek, gurasoek, lanean daudenek esaten dutela, behin lanean hasten zarenean, orduan ikasten dela. Baina, lanik ez badut aurkitzen? Hainbat urte geldirik egoten banaiz? Nik hori ez dut nahi, ez dut urte oso bat geldirik egon nahi, ezer egin gabe; baina, ez dut master bat egin nahi. Beste ikasketa batzuk burutuko banitu, agian egingo nuke, baina ez zait iruditzen nire ikasketetarako beharrezkoa denik, nahiago ditut nire arloko hainbat kurtso ezberdin burutu eta apur bat denetik ikasi.
Gainera, garbi dut nik ez dudala Madrilera edo Bartzelonara joan nahi, ezta Bilbora ere. 4 urte bertan pasa ondoren, ez dut berriz ere egunero hara joaten ibili nahi, eta horregatik, online kurtsoak begiratzen nabil. Ez dakit egokiena den, baina gustuko ditudan gaiak jorratzen dituzten kurtsoak bilatu ditut, beraz, aurrera horrekin egingo dudala iruditzen zait.
Ikasketak amaitu ondoren dugun beldurrari, ezjakintasunari eta zer egin ez dakigun momentu horri, gaur egungo egoera gehitu behar zaio. Enpresa askok oraindik itxita jarraitzen dute noiz ireki ez dakitela, beste hainbatek guztiz itxi beharko dituzte lanik ez dutelako eta horri ezingo diotelako bueltarik eman, beste batzuk oraindik etxetik jarraituko dute lanean… Beraz, ikasten orain amaitu dugunok, zer egin behar dugu? Non hasiko gara ate joka?
Irakasle batek azken klase egunean aipatzen zigun, enpresa askok gure gradua ikasi duen jendea beharko dutela, berriz ere merkatuan posizio onean jar daitezen, bizitako egoerari buelta eman diezaioten. Izan ere, enpresek, lan asko egin beharko dute komunikazio arloan. Baina, orain egoera dagoen bezala egonda, nork hartuko du ikasketak amaitu berri dituen pertsona bat? Nor egongo da prest guri erakusteko?
Iruditzen zait, enpresari, dendari, tabernari askori egoera asko zaildu zaien bezala, guri, ikasleoi ere asko zaildu zaigula. Normalean zaila egiten bazaigu lana aurkitzea, edo beldurra izaten badugu zer egin ez dakigulako, oraingo egoeran hau guztia bikoiztu egin dela pentsatzen dut. Izan ere, ez daukagu nahikoa esperientzia enpresa edo agentzia batean sartu eta gure kabuz lanean hasteko.
NOAUA!n 3 hilabetez kolaboratzaile gisa hasteko eskaini zidaten momentuan, egia esan, ez nekien nondik hasi eta burututakoa “bakarrik” egin dudala esan dezaket, eta aurrera atera ditudala egin beharreko lanak. Eta, eskerrak eman nahi dizkiet honetarako nirekin kontatu izanagatik, esperientzia hau bizitzeko aukera emateagatik.
Hala ere, esan beharra dago, enpresa batean zailagoa izango litzatekeela hasiera batean, zure kabuz lanak egiten hastea. Baina, gustuko lekuan aldaparik ez omen dago eta ni, gauza berriak ikasteko gogoz nago. Ez dakigu honen guztiaren eboluzioa nolakoa izango den eta gu guztiok non egongo garen; baina badakit, benetan lanean hasteko gogoa dudala eta NOAUA!ko eskaintza batere espero gabe iritsi zen bezala, beste zerbait ere iritsi daitekeela. Baina, bitarte horretan, lanean jarraitu beharra dagoela argi dut; kurtsoak egiten, ahal den lekuetan lan egiten, kurrikulumak hainbat lekutara bidaltzen… geldirik behintzat ez naiz geratuko, zerbait iritsiko delaren esperoan. Baina, bai, apur bat beldur naiz.