Arrebak alboko gelatik ondo zauden galdetu dizu, ama kezkatuta baitago ez zarelako lehenengo trena hartzeko garaiz esnatu. Zu ez zara horrelakoa. Atea kolpatu dute, baina balantzaka jarraitzen duzu oskolaren gainean sei hanka iletsuak astinduz. Oraindik eta indar handiagoz kolpatu du oraingoan amak gehituz ea ateratzeko asmorik duzun. Beste kolpe bat eta atea botako duela pentsatu duzu; eta hori ez, ezin du horrelakorik gertatu. Ezin zaitu zauden egoeran aurkitu. Balantza probestuz, inertziaz, lurrera jauzi zara hanken gainean. Zorteko. Ahal bezain azkar atera hurbildu eta eutsi duzu.
-Gregor! Zer zabiltza? Trena abiatzekotan da— dio amak.
Erantzuten saiatu arren, soinu arraroak bestetik ez zaizkizu ateratzen. Uste baino gehiago kostatu zaizu, baina lortu duzu i-txoin edo gisako zerbait esatea.
-Janzten dago ama —beste gelatik arrebak—, hurrengo trena hartuko du.
Arrebak zuk asmatu ezin dituzun aitzakiak bilatzen dizkizu, eta zuregatik ari da gezurretan. Ez ote du uste onegia zugan?
Ordu erdi pasa da eta etxean ezinegona handitzen doa. Horren erruduna zu zara, eta hori ondotxo dakizu. Aita, pazientzia handikoa normalean, onetik aterata dago. Egunkariarekin zure gelako atea kolpatzen minutuak pasa ditu, eta bere ezinegona egunkariak edo zuk eragin duzun pentsatzen egon zara ateari hala moduz eusten jarraitzen duzun bitartean. Kolpatzeaz aspertu denean, zauden egoerara nola demonio ailegatu zaren pentsatzen jardun zara, nahiz eta premisa garatzeko gaitasunik ez duzun izan.
Atea bakean utzi dutela ondorioztatuz, ispilura hurbiltzen saiatu zara, hala zertan bihurtu zaren begi propioekin ikusteko. Lehen begiratuaren txoka nahikoa izan da —garrasi esperpentikoz lagunduta— zure itxuraz izutzeko.
-Gregor, zer izan da hori? Zabaldu iezadazu atea mesedez —orain arreba. Baina nola zabalduko diozu arrebari horrelako itxura izanda? Zomorro nazkagarri bat zara, mesedez! Burutik ere ezin zaizu pasa horrelako erabakirik. Garunak pentsamendu arrazional guztiei betoa jartzen die ideia fluxua eteteagatik bakarrik.
-Ez-z-in-e-ez-i-i-n-du-u-t-du-t-t —erantzun propioak zuk zeuk ere ez dituzu ulertzen. Arrebak temati jarraitzen du. Duzun ezintasunaren berri ematen saiatu zara behin eta berriz; ez dirudi, ordea, zure mezurik iristen den bere belarrietara.
Hain sentitzen zara zabor, hain izaki suntsi beharrekoa, hain oztopo modernitatearen kaleetan dabiltzan ibiltarientzako. Barkamenak eskatzera kondenatua izango bazina bezala bizi zaren artean.
Arrebari atea zabaltzea erabaki duzu azkenerako, oso ondo jakin gabe zergatik egiten duzun ere.
-A! —oihu egin du ate bazterrean ikusi zaituenean—. Munstro bat!
Amaren eta aitaren pauso azkarrak hurbiltzen nabari dituzu. Buruak oraindik eta bira gehiago ematen dizkizu kolpeen erresonantzia medio. Ukabilkada bat nahikoa izan da atea guztiz zabaltzeko. Beldurrak jota, leihoraino iritsi zara jakin gabe nola. Aita, ama eta arreba zuri begira. Inguratua sentitzen zara.
-Zertan ari zara, Gregor? Oraindik mozorroa erantzi gabe? Zenbat garagardo erori ziren atzo?
PD: Bigarren irakurraldirako, “Biharamuna deukot” (Tapia eta Leturia Band, Ero, 1997)