Donostiyako teniente-alkatea izan da azken Jaun-kuntia legearekin ostikoka bota dituena bere ziudadetik ez zine-glamourrik ez sosik izatearen delituagatik. Zubietako belazeetan egin dute euren kanpamentua. Kauterek piztuta sua oilo-zopa egiteko, koipe usaina beharrean, sudurrean sulfuro eta dioxina. “Hi Pitxu, zer egin duk? Astazakila!” Baina Pitxuk beti badu hitzik erantzuteko: “Hor goiko tximinian erretzen dite dena, sardina hezurrak eta ez dabiltzan tramankuluak”.
Kabana denen buru, oroitu die zera: “Agian egun batez jeikiko dira egiazko xiberutarrak!” “Gu xiberutarrak gira?”, Pitxuk. “Gu egiazko eskualdunak gira!”, Kabanak haserre eta pentsatzen geratu da izarrei begira establixmenta nola garaitu.
Biharamunean, Usurbilgo herrira hurbildu dira artista denak barrikadan xirula 6/8 sol-la-si-do-re-re-re-mi-re-mi... eta usurbildarrak gerturatu dira haiengana eta eman die sagardoa zintzurra busti dezaten eta txorizo egosi mutturrak eta naphar-omeletak indartu daitezen. Eta biba-Xiberuak eta biba-euskaldunak eta biba-gutagutarrak eta biba-bibak artean bralea beti aitzina xinple-lauetan, pika-ta-xinple, pika-ta-doble, aitzina-pika-lauetan, xinple-lauetan, ezker, eskuin, ezker-ta-hiru, ützul-eta-hiru, ezker, eskuin, ezker-ta-hiru, ützul-eta-hiru, aitzina-pika-bietan, xinple-lauetan, pika-ta-xinple, pika, kontrapasa-ta-fini! Ua!
Xirula orduan 2/4 sol-la-si-do-re-re-sol-fa-mi-re-re... “Basuana! Basuana!” “Buah txabal! Ze ona!” “Baño ez da iyoko? Ordun ez da dantzai ona” “Zaldiyakin iyoko a?” “Buah! Ze pena puxkau in zayola...” Eta herritarrak dantzarekin itsututa daudela, gainontzeko artistek hartu dute udaletxea eta Pitxuk bere burua izendatu du Üsurbil, Zuberoako 42. udalerriko alkate berri.
Gipuzkoako batzar nagusietan gerra deklaraziotzat hartu dute, eta pentsatuz direla zenturioi —zer zenturioi?—, PRINTZIPE, mikeleteak erreklutatzen hasi dira herri traidorea inbaditzeko. Egunkari ofizialistek erreportaje deritzoten iragarkiak argitaratzen dituzte inbasioa errekonkista deituz nagusitasun paternalista moralizatzaile batekin. Oka egiteko gogoa dator jabetzean bat zer nolako zaborra den begiek irentsi dutena.
Denaren funtsa gezurrean dagoela ohartuta, eta hauteskunde kanpainaren erdian “erdia ustel” portzentai positiboegia dela jakinda, informazio-kanpaina paranoia kolektiboaren ernamuin bihurtu dute Üsurbil mikeleteen dibisio ezberdinek inguratua dutelarik. Birus zital baten berri ematen dute, ekialde urruneko herrialdeetatik buhameek ekarria konspirazioa bailitzan. Urrutirudiko berrietan hori eta establixmentekoen kanpaina besterik ez dira agertzen. Ondoren kirolak, batez ere hanka-pilota eta esku-pilota. Beti pilota. Gero dago esaten ez dena. Bitartean, Pitxuk gidatutako üsurbildarrak erresistentzian jarraitzen dute Matalazen hitzak abestuz, egunetik egunera zerua beltzago eta kiratsa gainetik kendu ezin bada ere.
Gipuzkoako agintariak nazkatzen hasi dira gerra-ekintzen eraginkortasun eza birusaren paranoiak jada estaltzen ez duelako. Üsurbildarren arma magiko baten inguruko zurrumurruak ere zabaldu dira. Eta argitaratu gabeko inkestaren emaitza penagarriak eskutan, SS operazioa martxan jarri dute bunker ezkutu batetik.